Airearen kalitatea

Airearen kalitatea dela eta, Durangoko Udalak premiazko bilera bana eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Iurretako Udalari

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 25a, 13:26

"Haien esanetara gaude. Eguna eta ordua jartzea baino ez da falta, eta hor egongo gara", azaldu dute Durangoko udal agintariek. Udalak jakinarazi du usain txarren inguruko txostena gaur goizean bidali diela Eusko Jaurlaritzari eta Iurretako Udalari. 

Durangoko Udalak Iurretako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren teilatu gainean ipini du pilota. Airearen kalitateari lotutako azken datu "kezkagarriak" kontuan hartuta, bi instituzioei dei egin die elkarrekin batzeko, eta airearen "kutsadura murrizteko zein pauso eman ditzaketen ikusteko". Halaber, Durangoko Udalak jakinarazi du gaur goizean ipini duela txostena, Eusko Jaurlaritzara eta Iurretako Udalera bidean. 

"Iurretaren eta Eusko Jaurlaritzaren esanetara gaude. Eguna eta ordua jartzea baino ez da falta, eta hor egongo gara. Guri dagokigun gaia da, eta asko kezkatzen gaitu. Horregatik, erantzukizuna eta lankidetza eskatzen dugu, ika-mika politikoetatik haratago auzotar guztien osasuna baita jokoan", adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak. Azken 30 urteotan agintariak "beste alde batera begira" egon direla, eta aurrerantzean gardentasunaren alde egingo dutela esan dute.

Bentzenoa, toluenoa eta estirenoa

Durangoko Udalak airearen kalitateri lotutako txosten baten berri eman zuen atzo. Ikerketaren ondorioak "oso kezkagarriak" zirela jakinarazi zuten udal agintariek. Txostenaren arabera, bentzeno piko oso altuak atzeman izan dira Durangoko eguratsean. Metro kubikoko 700 mikrogramo bentzeno neurtzera iritsi izan dira, urte osoko batez besteko bentzeno kopuruak metro kubikoko 5 mikrogramokoa izan behar duela kontuan hartuta. Azterketa Tecnalia ikerketa etxeak egin zuen 2019ko maiatzetik eta 2020ko maiatzera bitartean, eta haren ondorioak asteon jakinarazi dizkiote Durangoko Udalari.

Udal agintarien arabera, Tecnaliako ikerlariek ez zuten halako bentzeno emisio pikorik egundo ikusi. Bestelako elementu kutsakor eta kaltegarriak ere atzeman zituen bentzenoaz gainera. Tolueno eta estireno kantitate esanguratsuak, besteak beste.

Egun gutxi barru Airearen Kalitatearen Mahaia osatuko duela aurreratu du Durangoko Udalak. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!