Herriko komertzioetan 30 euro gastatuta, telazko poltsak eta tuper-ak opari, Dendak Baik abiatutako kanpaina berrian

Anboto 2020ko ira. 8a, 14:02
Ezkerrik hasita: Aritz Bravo Durangoko Udaleko zinegotzia, Alexander Palacios eta Agurne Azkarate Dendak Bai-ko kideak eta Jorge Varela Durangoko Udaleko zinegotzia, Madalenako entrega-puntuan, kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan.

Kanpainak helburu bikotza du: herriko komertzioei bultzada ematea eta durangarrak ontzi berrerabilgarriekin erostera animatzea.

Durangoko udalaren laguntzarekin, 'Guk, Durango' sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Dendak Bai Durangaldeko Merkatari Elkarteak. Kontsumo lokalaren aldeko ekimena ingurugiroarekin lotu dute oraingo honetan, 'Bertako gehiago, kalte ekologiko gutxiago' leloaren bidez. "Aurten pausu bat haratago joan gura izan dugu", azaldu du Alexander Palacios Dendak Bai elkarteko kideak ekimena aurkezteko prentsaurrekoan. Erabilera bakarreko plastikozko poltsen kontsumoa murriztea da helburua.

Horrela, kanpainara atxikitako establezimenduetan 30 euro gastuta, telazko poltsa batek, sarezko poltsa bik eta tuper batek osatutako pack-a opari jaso daiteke. Entrega-puntu bi jarri dituzte eta opariak urriaren 1era arteko eguenetan jaso ahalko dira. Honako hauek dira bi puntuak:

- Madalena plaza:  irailaren 10ean eta 24an, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

- Ezkurdi plaza: irailaren 17an eta urriaren 1ean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Entrega-puntuetan NAN-a eta erosketa tiketa erakutsi behar dira. Tiket bat baino gehiago izan daitezke. Denen artean 30 eurora heltzea da baldintza bakarra. Eguenero 500 sorta banatuko dituzte, gehienez.

Durangoko komertzio guztiek parte hartu dezakete ekimenean, elkarteko bazkideek zein bazkide ez direnek. Parte hartu ahal izateko nahikoa da Dendak Bai-ra deitzea edo eurekin hartuemanetan jartzea.

Kanpainari buruzko informazio eguneratua Dendak Bai elkartearen webgunean jarriko dute: dendakbai.eus

Udalaren laguntza

Ekimenak Durangoko Udalaren laguntza du. Gobernu Taldeko Aritz Bravok ekimenaren garrantzia azpimarratu du. "Hilabete gogorrak izaten ari dira herriko komertzio txikiarentzat. Beraz, horrelako kanpainak beti izan badira garrantzitsuak, orain garrantzia berezia hartu dute". Jorge Varelaren iritziz horrelako ekimenak "onuragarriak" dira herriko komertzioarentzat eta aurretik helburu berdinarekin martxan jarritako ekimenak gogoratu ditu.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!