Durango Zaindu kanpainak 33.000 euro baino gehiago batu ditu

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 8a, 15:30

Apirilaren erdialdetik hona 130 denda inguruk parte hartu dute kanpainan. 33.680 euro lortu dituzte, baina kanpainak martxan jarraituko du tabernarien kasuan. Ekarpena egin dutenekin eskerroneko agertu dira Durangoko Udala eta Dendak Bai

Durangoko Udalak eta Dendak Bai merkatarien elkarteak www.durangozaindu.com  webgunea aktibatu zuten apirilaren erdialdean, herritarren ekarpenak jasota Durangoko negozioen likidezia arazoei aurre egiteko. Aurreikuspenen arabera, dendek astelehenean zabalduko dituzte berriro ateak, baina taberna askok zarratuta segituko dute. Horregatik, kanpaina ez da bukatu ostalarien kasuan. "Tabernen eta jatetxeen irekiera luzatuko den heinean, oraindik ere bonuak erosteko aukera" dagoela azaldu du Durangoko Udalak.

Lankidetza eta eskerrona

Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak udalaren eta Dendak Bairen arteko lankidetza nabarmendu dute: “Ahal den heinean, Udalak herritarren kezkak eta beharrak asetzeko egin beharko luke lan, eta Durango Zaindu ekimenarekin bide horretan sakondu dugu. Erakutsi dugu posible dela elkarlanaren bitartez negozio txikiei laguntzea”. Dendak Baiko kideak, bestalde, eskerroneko agertu dira herritarrekin. "Eskerrak eman nahi dizkiegu bonuak erosiz beraien elkartasuna adierazi duten herritar guztiei. Jasotako laguntza honi esker denda asko prest daude astelehenean ateak berriro irekitzeko eta buelta hori indarrez hartuko dute”.

Aurrerantzean elkarlanean segitzeko asmoa berretsi dute udalak eta Dendak Baik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!