Martxoan kirol ikastaroren bat egiten zuten durangarrek inskripzioa berritu beharko dute

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 3a, 16:45

Orain arte,  ikastaroetako kuotak automatikoki berriztu izan dituzte. Aurten, baina, Durangoko Udalak gurago izan du ikastaroetako izen-emateak berregitea. "Ez zaigu justua iruditzen martxotik gure zerbitzuak erabili ez dituenari kuota irailean automatikoki berriztea", azaldu du. Bestalde, Durango Kirolakek aurreikusitakoa baino %40 gutxiago fakturatu du koronabirusa dela eta.

Egoera zaila den arren, Durangoko Udalak tinko begiratu gura dio ikasturte berriari. Astelehenean zabalduko ditu ateak Landakoko igerileku estaliak. Eta gauza bera egingo dute rokodromoak eta fitness gelak. Azken honetan berrikuntzak daude. Izan ere, martxora arte hainbat kirol ikastaro eskaini izan dira. Ordutik, baina, dena etenda egon denez, egoerak gauzak birplanteatzea ekarri dio udalari. Durangoko Udalak azaldu du martxoan ikastaroren batera joaten ziren herritarrek ostera ere eman beharko dutela izena gura duten ikastaroetan. Horren arrazoia, eman ahal izan bako ikastaroak eta hauen kuotak dira. “Martxotik ez da ikastarorik eskaini, eta etikoki ez zaigu justua iruditzen martxotik gure zerbitzuak erabili ez dituenari kuota irailean automatikoki berriztea. Horregatik, iraila berriz ere izena emateko epe bezala hartuko dugu, hala nahi duenak gure zerbitzuetaz berriro ere goza ahal dezan”, adierazi dute Durango Kirolakeko eta Udaleko arduradunek.

600.000 euroko defizita

Durango Kirolak entitatearen egoera ekonomikoa "delikatua" dela aitortu du udalak. “Logikoa den moduan, martxotik ez zaie abonurik kobratu erabiltzaileei", eta horrek arrasto nabarmena utzi du balantze ekonomikoan. Durango Kirolakek abuztu bukaerarako aurreikusita zuenaren %40ko baino ez du fakturatu. Horrek 600.000 euroko defizit negatiboa ekarriko lukeela aurreratu du udalak.

Egoera norabidez aldatzeko asmoz, udalak irailean zehar emango du ikastaroen berri, jende kopuruaren berri eta bestelako osasun neurrien berri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!