Astelehenetik aurrera, aldagelak arropa aldatzeko eta sikatzeko baino ezingo dira erabili. Edo beste era batera esanda, aldageletan ezingo da dutxatu. Hango dutxen ordez, igerilekuaren eremuan dauden dutxak erabili beharko dira gorputzean geratu daitezkeen kloro arrastoak garbitzeko. Durango Kirolakek maskarari buruz ere eman ditu zehaztapenak. Toki guztietan legez, ezinbestekoa izango da maskara erabiltzea, eta zehaztu dute igerilekuraino bertaraino joan behar dela maskara ipinita. Bestalde, eraikinaren sarreran desinfektatzeko gunea egongo dela aurreratu dute.
Rokodromoko neurriak
Rokodromoari lotutako jokabideak zeintzuk izan behar diren ere azaldu du Durango Kirolakek. Orokorrean, eskalatzaileek ipinita eraman beharko dute maskara, baina kentzeko aukera izango dute esfortzu handiko ariketa egiten ari badira eta bertako begiralearen onespena jasotzen badute. Rokodromoko aldagelak dutxarako erabili daitezkeela aurreratu dute, baina posible den neurrian hori ekiditea eskatu dute.