Bizkaia-Durangok ez du parte hartuko gaur Nafarroako Emakumeen Klasikoan, PCR proben emaitzak ezin izan dituztelako garaiz aurkeztu

Joseba Derteano 2020ko uzt. 23a, 13:04
(Argazkia: @BizkaiaDurango)

PCRetako emaitzak garaiz haletzen badira, biharko etapan parte hartzeko asmoa erakutsi dute.

Komunikatu baten bidez azaldu dutenez, "Bizkaia-Durangok ez du parte hartuko ostegun honetan Nafarroako Emakumeen Klasikoan ezin izan baititu garaiz aurkeztu txirrindulariei eta taldeko staff-ari egindako PCR proben emaitzak".

"PCRetako emaitzak garaiz iristen badira, taldea bihar lehiatuko da Clásica Femenina de Navarra lasterketan", aurreratu dute.

CCC-Liv taldea, ez gaur eta ez bihar

Bizkaia-Durango ez da erabaki hori hartu duen talde bakarra. Marianne Vos-en eta Ashleigh Moolman-en CCC-Liv taldeak ere ez du gaurko lasterketan parte hartuko; ezta biharkoan ere. Horrela iragarri dute arduradunek taldeko webgunean. "Gure buruari osasun protokolo zorrotzak ezarri dizkiogu. Eguaztenean konturatu ginen Nafarroan dagoen osasun arriskua handiegia zela", azaldu du Eric van der Boom taldeko zuzendariak. "Protokolo guztiak jarraitu ditugu eta gutako inor ez dago COVID-19arekin infektatuta. Gaurko lasterketan parte hartuko bagenu, beste txirrindulari batzuekin kontaktuan egongo ginateke, zeintzuek, jakin dugunez, beharbada ez dituzte arauzko RT-PCR testak egin. Gainera, lasterketak garatzen diren inguruko infektatuen kopurua nabarmen hazi da egun bitan", gehitu du. Ondorioz, euren medikuarekin kontsultatu ostean, bi lasterketetan ez parte hartzea erabaki dute.

Domekan Durango-Durango Emakumeen Saria lehiatuko dute Durangaldean eta lasterketa horretan parte hartzeko asmoa du CCC-Liv taldeak. "Gure intentzioa Durango-Durango klasikoa hastea da", aurreratu dute.

Gaur Nafarroako irteera puntuan egongo ez den beste taldea bat Sopela Team da. Parte hartu behar zuten txirrindularien PCR proben emaitzak ez dituztenez, erabaki hori hartu dute. Biharko klasikoan parte hartu ahal izateko egoera kudeatzen dabiltzala informatu dute sare sozialetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!