Durangoko galdeketa

Durangoko galdeketaren data eta araudia zertan diren galdetu du Erabaki Plataformak

Joseba Derteano 2020ko uzt. 21a, 09:09

Tramiteek luzatzen jarraitzen badute galdeketa 2021era arte atzeratuko dela uste dute.

Espainiako ministroen kontseiluak ekainaren 23an baimendu zuen Durangoko tren geltokiko proiektuaren inguruko galdeketa. Berria jaso eta egun gutxira udal taldearekin batu zen Erabaki Plataforma "berria baloratzeko eta galdeketaren inguruan martxan jarri behar diren xehetasunei buruz berba egiteko", ohar batean azaldu dutenez. Galdeketaren data eta araudia dira landu beharreko puntu bi.

Bilera horretan udalak adierazi zien "uztaileko udalbatzarrera" eramango zituztela bata zein bestea. "Baina handik egun batzuetara tramitea atzeratu beharra zegoela komunikatu ziguten, araudia behar den moduan osatzeko eta aurkezteko denbora gehiago behar dutela adieraziz", gogoratu dutenez. Horiek horrela, " iraileko osoko bilkurara arte gutxienez itxaron beharko dugu eta honekin batera informazio kanpaina eta galdeketaren prestaketaren epeak kontutan hartuta, galdeketa 2021era atzeratuko dela esan genezake".  Horregatik, prozesua "zein egoeratan dagoen" galdetu dute eta hurrengo urratsak "zein datarekin" egingo diren.

Denekin batzeko prest

Horrekin batera, udal gobernuarekin zein udalean ordezkaritza duten gainerako alderdiekin "biltzeko prest" daudela adierazi dute, informazio-kanpainan eta kontsultaren antolaketan elkarrekin lan egiteko. "Guztion artean egin beharreko lana dela uste dugu, eta herritarrei prozesu osoan aktiboki parte hartzeko deia egiten diegu", azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!