#0km

"Ezkontza-eske baten testigu izan nintzen Axpera igotzen gindoazela”

Aitziber Basauri 2020ko uzt. 19a, 10:50

B&B Eguzki etxe turistikoa dute Sally eta Roberrek Durangon. Nazioarteko makina bat bisitari hartu dituzte etxean urteetan, eta Durangaldeko bazterrak tuk-tukean bisitatzeko aukera eskaini diete. Orain, esperientzia hori bizi gura duten guztiei zabaldu diete eskaintza. Lau ibilbide zirkular antolatu dituzte.

Durangaldea ezagutzeko beste modu bat da eskaini gura duzuena?
Rober: Apopiloen artean arrakasta izan du beti tuk-tukak. Bada, eskaintza zabaltzeko aukera ikusi genuen. Helburua da tuk-tukean bidaiatzeko esperientzia ematea, oso ezezaguna den gure ingurua ezagutzeko. Ekonomia zirkularra eta  Km0 kontzeptuak hainbat arlotara zabaldu daitezke, baita turismora ere. Horregatik, bisitariak hemen geratzera, bertan gastatzera animatzen ditugu. Gainera, COVID 19-aren krisiagaz, hemen dugunagaz disfrutatzeko aukera ona izan liteke bertakoentzat ere.

Tuk-tukean pasarte bereziak bizi izan dituzue...
Rober:
Etxean ostatu hartuta zegoen bikote baten ezkontza-eskearen testigu izan nintzen tuk-tukean behin. Axpera igotzen gindoazela, gelditzeko eskatu zidan senargaiak, tuk-tuketik jaitsi eta ezkontzeko eskatu zion emaztegaiari. Harrituta nengoen. Gure egunerotasunean ere erabiltzen dugu tuk-tuka, eta askotan gelditu naute tuk-tukagaz argazkiak ateratzeko, esaterako.
Sally: Poztasuna ematen du! Esperientzia dibertigarria da.

Durangaldea turistikoki butzatu egin behar dela uste duzue?
Rober: Bai, turismo iraunkorra; bisitariek eta bertokoek elkarrekin partekatuko dutena. Durangaldea oso leku onean dago, eta gurera datozen turistek etxea base lez erabiltzen dute, beste leku batzuetara joateko. Egun bat bada ere, eskualdea ezagutzeko gorde dezaten saiatzen gara. Dugunagaz harrituta geratzen dira beti.

Zerk harritzen ditu gehien?
Rober: Elorriok, Urkiolako parke naturalak edo Durangoko Andra Mariko elizpeak, eta Durangoko historiak ere bai. Euskaragatik ere asko galdetzen dute, eta gastronomiaren kalitateak harritzen ditu.

Nola aurreikusi duzue aurten uda?
Sally:
Ia beteta genuen uda osoa, eta COVID 19-aren eraginez erreserba guztiak jausi dira. Baina, bagabiltza berreskuratzen. Batzuek datorren urtera arte atzeratu dute. Zalantza handiko egoera da. Europearrak, estatubatuarrak, kanadiarrak edo Zeelanda Berriko bisitariak izaten ditugu; diasporakoak ere bai, Uruguai edo Kaliforniatik (AEB) etorritakoak. Aurten, Espainiakoak eta Euskal Herrikoak dira gehienak.
Rober: Gertuko giro eta harremana, naturala sortzen saiatzen gara, eta asko ikasi dugu eurekin. Etxera etorritako maori batzuen oso lagun egin ginen. Maoria berreskuratzeko lehen pausoak ematen lan egiten zuen batek unibertsitatean, eta ikastolen ereduak harritu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!