Durangoko LGTB oroitarria toki egokiago eta agerikoago batera mugitu dute

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 8a, 20:16

LGTB oroitarriak Landako Erakustazokaren ondoan egoten segitzen du, Ibaizabal auzoko belardian; baina, kokaleku berria du. Ikusgarritasuna irabazi du orain arte parkeko izkina batean egondako eskulturak.

Durangoko Udalak Landako Erakustazokaren ondoko LGTB oroitarria mugitu du lekuz. Orain arte Ibaizabal auzoko parkearen ertz batean zokoratua egon da, eta, parkearen aurrealdean ipini du orain, Landako etorbidetik oso gertu. Iker Urkiza zinegotziak ANBOTOri azaldu dionez, oroitarriak ikusgarritasuna irabazteaz batera, toki egokiago bat ere badu orain. "Jatorrizko kokalekuan txakurrentzako gune bat atontzen ari gara. Eskultura hor zegoen lehendik, baina ingurua zikinduta egoten da batzuetan. Txakurrak ibili ohi dira, eskultura ertz batean ipinita zegoen, eta toki egokiago bat eman gura izan diogu. Ikusgarritasunaren aldetik ere egokiago dago orain", azaldu du zinegotziak.

Adostutako lekualdaketa

Oroitarriak LGTB mugimenduaren memoriari egiten dio gorazarre. Koldobika Jauregi eskultorearen artelana da eta EHGAM elkarteko kideekin batera kokatu zuen Durangoko Udalak, Landako Erakustazokaren ondoan, 2009an. Jon Maia bertsolaria ere inaugurazioan izan zen, eta hark botatako bertsoaren berbak plaka batean daude ikusgai. Urkiza zinegotziak azaldu duenez, oroitarria lekuz aldatzeko erabakia elkarrekin adostu dute Durangoko Udalak, Kili-Kili LGTB elkarteak, Koldobika Jauregik berak eta EHGAM elkarteak.

Eskulturak "Frankismo garaian bere aukera sexualagatik errepresaliatutako pertsona guztien oroimenerako oroitarria" du izen osoa. Berau Durangon kokatzea ez da kasualitatea, Euskal Herriko LGTB mugimendua Durangon sortu baitzen neurri handi batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!