Carmelo Fondado gogoratu dute Durangoko Tabira auzoan

Anboto 2020ko eka. 30a, 10:52

Uztailaren 12an urtebete beteko da Carmelo Fondado hil zenetik eta auzotarrek gogoan izan dute.

San Pedro eguna izan zen atzo. Beste edozein urtetan jaietan murgilduta egongo ziren Durangoko Tabira auzoan, baina aurten ekimenik gehienak bertan behera uztea erabaki dute. Hala ere, atzo ekimentxo bat egin zuten auzotarrek Carmelo Fondado gogoratzeko. Izan ere, uztailaren 12an urtebete beteko da hil zenetik, 97 urterekin. Gaur egun Tabira Etxea kokatua dagoen eraikinean jaio zen Fondado, lan handia egin izan du auzoaren alde eta oso pertsona maitatua izan da. Banangoa dantzatu zioten eta lore eskaintza eta bertso saioa ere izan ziren.

Horrez gainera, tortilla jana ere egin zuten inguruko zelaian. Normalean ekimen arrakastatsua izaten dena, auzotarrei bakarrik bideratuta egon da aurten. Nork bere tortilla eraman eta jai batzordeak mugatutako tokian batu ziren.

Datorren asteko zapatuan mendi lasterketa eta mendi martxa antolatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!