Durangoko Tabira auzoko jaietan mendi martxa eta lasterketa mantendu egin dituzte, gainerako ekimen denak bertan behera utzita

Anboto 2020ko eka. 17a, 08:42
Iazko marmitako lehiaketako irudia.

Azken asteetan COVID-19aren eragina aztertzen ibili ondoren hartutako erabakiak dira, antolatzaileek sare sozialetan jakinarazi dutenez.

"Gaur [atzo] udaleko ordezkariekin bilera egin ostean, hurrengo erabakia hartu dugu: aurtengo jaiak bertan behera uztea. Guztion ongizatea bermatzeko erabakirik zentzuzkoena dela uste dugu", arrazoitu dute.

Jaiei lotuta egin ohi diren ekimen gehienak bertan behera geratu arren, uztailaren 11rako aurreikusita dauden mende martxa eta mendi lasterketa mantendu egingo dituzte, auzokideei bideratutako ekitaldi "xume" moduan. Bi ekitaldi horietan "beharrezko segurtasun neurri guztiak" zainduko dituztela iragarri dute.

Mendi martxarako edo lasterketarako izen-ematea www.kirolprobak.com webgunean egin daiteke, 10 euroren truke. Mendi martxa 09:00etan hasiko da, txakur krosa 09:30ean, eta mendi lasterketa 10:00etan. Tabirako eliza parean jarriko dute irteera. Ez da dutxa zerbitzurik egongo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!