Durangorako sarreran, Tadu enpresa zegoen inguruan, 120 plazako aparkalekua egiten dabiltza

Anboto 2020ko eka. 25a, 11:09

Mugikortasuna hobetzeko Durangoko Udala aurrera eramaten ari den proiektuetako bat da.

Faustebide, Untxillatz eta Olleria kaleen artean dagoen Tadu-ko aparkalekua egokitzen ari da udala. Aparkalekuak 120 plaza izango ditu eta gune berde bat mantenduko da trenbide zaharren ondoan. Obra horiek 320.000 euroko aurrekontua izango dute, eta 2019ko aurrekontu partehartzaileetan durangarrek gehien bozkatutako laugarren proiektuari erantzungo diote.

Landako Guneko aparkalekua

Bestalde, Landako Guneko lurpeko aparkalekuan hainbat lan egingo dituzte. Besteak beste, aparkaleku osoaren automatizazioa berrituko dute, sarbide, ordainketa eta gida sistema makina berriekin. Eraikin osoa telegestionatuko da, intrusio eta zaintza-sistema berriekin, eta, horrez gain, auto elektrikoentzako partzela berriak jarriko dira, oharrean aurreratu dutenez.

Emisio txikiko eremuak arautzeko ordenantza

Horrez gain, udal teknikariekin batera ordenantza bat lantzen ari da gobernu taldea, isuri gutxiko gune berriak arautzeko. Horretarako, herritarrek euren iritzia helarazteko aukera izango dute ekainaren 15etik 28ra bitartean, maiatzean TAOarekin egin zenaren antzeko prozesu parte-hartzaile batean. Prozesu horrekin alde zaharrerako sarbideak arautu nahi dituzte, eta emisio baxuko gune berriak sortu.

Gainera, TAO zerbitzuaren hurrengo lizitazioari begira, udal arduradunek parte-hartze prozesu bat jarri zuten abian, non auzotarrek zerbitzu hori hobetzeko moduari buruz duten iritzia ezagutu nahi izan zuten. Ordenantza berri horretarako TAO nola aplikatu aztertu nahi da, edo zerbitzu hori herriko hainbat gunetan zabaldu edo murriztu behar den.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!