Durangoko tren geltoki azpiko aparkalekuetako prezioa jaistea adostu dute udalak eta Murias enpresak

Anboto 2020ko eka. 18a, 14:07

Landako Guneko aparkalekuetako prezio berdina edukiko du hemendik aurrera Ezkurdiko tren geltoki azpiko aparkalekuek ere. Urtebeterako sinatu dute akordioa Durangoko Udalak eta Murias enpresak. 400 plaza ditu Ezkurdiko aparkalekuak. 

Ima Garrastatxu alkatea eta Julian Rios alkateordea pozik agertu dira sinaturiko akordioarekin. "Denbora askoan gutxi erabili izan da aparkaleku hau, eta orain biziberritu egingo da. Kokapen paregabean dago gainera, erabiltzaileak zuzenean Ezkurdi plazara irtengo baitira". Durangoko komertzioarentzako ere positiboa izango delakoan daude. "Kanpotik etortzen direnei Durangon kontsumitzen lagunduko die". Aparkalekua eta tren geltokia konektaturik daude, eta trena erabiliz gero autoa bertan egun osorako uzteak 0,80 euro balioko duela adiererazi dute udal ordezkariek. "Aparkalekuen eskaintza hobetuko du, eta jendea Durangora gerturatzeko alternatiba ona dela uste dugu".

Urtebeterako akordioa

Durangoko Udalak eta tren geltoki azpiko aparkalekua kudeatzen duen Murias enpresak urtebeteko akordioa sinatu dute aparkalekuko tarifak LESAkoekin berdintzeko (Durangoko Udalak kudeatzen du hau). Urtebeteren ostean, zerbitzua luzatu ahalko dute, bi aldeak ados egonez gero.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!