Durangoko saltokientzako online salmenta plataforma sortuko du udalak

Anboto 2020ko eka. 24a, 10:52

Webgune horren bidez, herritarrek online erosteko aukera izango dute atxikitzen diren Durangoko dendetan. Plataforma berria martxan jartzeko aurreikusten duten data irailaren 7a da.

Durangoko Udala 'Hemen Bai' bultzatzen ari da, herriko negozioek euren produktuak online saldu ahal izateko tresna digitala. Horretarako, 30.000 euro inbertituko ditu, herriko hirugarren sektoreko saltoki, autonomo eta enpresa guztiek beren zerbitzuak doan eskaini ahal izan ditzaten. Proiektu hori COVID-19k sortutako krisia arintzen laguntzeko herriko hainbat eragilerekin batera egindako Berraktibazio Planaren (2.281.000 euro) neurrietan sartzen da, udalak ohar batean azaldu duenez.

Durangon egoitza duen Hemen Bai elkarteak hainbat hilabete daramatza enpresari txikiei laguntzeko pentsatutako aplikazio digitala garatzen. "Pertsonei erosketa errazago bat egiten lagunduko die, eta etxetik gertu dauden saltokiak eta ostatuak hurbilagotik ezagutaraziko ditu", aipatu dute.

'Hemen Bai 'ren zatirik garrantzitsuenetako bat tokiko ‘Market Place’ baten sorrera izango da. Salmenta-plataforma honetako ostatua doakoa izango da saltoki eta autonomo guztientzat.

Harreman zuzena bezeroekin

'Hemen Bai'ri esker, negozio bakoitzak harreman zuzena izan ahal izango du bere bezeroekin. "Kontua da profesionalen eskura tresna indartsua eta osoa jartzea, Durangoko merkataritzan erosteko aukera dibertsifikatuko duena. COVID-19ren garaiak erakutsi digu horrelako plataformen garrantzia, eta, horregatik, giltzarritzat jotzen dugu gure herriari bizia ematen dion merkataritzak, hemen zergak ordaintzen dituenak, gertukoak, online leiho hau izatea bere produktuak saltzeko", adierazi du Aritz Bravo Lurralde Arloko zinegotzi arduradunak.

Irailaren 7rako dago aurreikusita Hemen Bai plataformaren hasiera data; uda bitartean, berriz, plataforma horretan beren lekua nahi duten saltoki, zerbitzu eta autonomo guztiekin harremanetan jartzeko inbertituko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!