#0km

“Film interesgarriak ditugula ikusten duenean, jendeak zinemara etorri gurako duela uste dugu”

Jone Guenetxea 2020ko eka. 12a, 09:20

Zugaza zinemak joan zen barikuan ateak zabaldu zituen berriro. Emilio Ferreras zinemako arduraduna pozik dago erantzunagaz.

Zelan joan da normaltasun berriko lehenengo asteburua?
Lasaia izan da, aurreikusitakoaren araberakoa. Ekaina, uztaila eta abuztua orokorrean ez dira hile onak izaten. Begira ibili gara, eta datuak iazkoak baino baxuagoak izan arren ez dute horren alde handirik. Kontuan izanda emititu ditugun filmek hiru hile inguru dituztela, pozik gaude.

Zein neurri hartu behar izan dituzue berriro zabaltzeko?
Neurri batzuk aurretik ere ezarrita genituen. Txartelen eta sarrerako kontrolen automatizatuak, esate baterako. Txartela Internet bitartez edo kanpoko makinan hartu dezakezu, eta sarrerako kontrola ere makina bitartez pasatu dezakezu, txartelagaz zein mugikorragaz. Horrela ez duzu kontakturik beharginekin. Garbiketa ere indartu dugu. Bestalde, seinaleak ipini ditugu sarrera-irteerak markatzeko. Saioen artean ere fumigatu egiten dugu aretoa. Aste honetan, aire sisteman lanpara berezi batzuk ipini ditugu, aireko birusak kentzeko. Lehendik ere bagenituen iragazki batzuk.

Zelan erantzun du jendeak?
Ondo. Etorri direnek bazekiten zer egin, barneratuta zuten eta. Leku itxi guztietan maskaragaz sartu behar baduzu, hemen ere bai. Baten batek kontsultatu egin zuen, zalantzak argitzeko, baina normal etorri dira. Ez da ezelango arazorik izan.

Zelan sentitu zarete langileak?
Lasai ibili gara. Aforoaren %33agaz hasi gara, eta horixe gura genuen, apurka-apurka hastea. Orain, EAEko zine eta aretook %60ko aforoagaz zabaldu ahal izango dugu. Hile osoan horrela egon ahal izango gara, eta uztailean %80an, dena ondo badoa.

Zelan dago zinemaren sektorea?
Sektorea geldi dago. Zabaldu dugun lehenengoetarikoak izan gara gu. Bariku honetan, kate handiren batek zabalduko ei du. Gure enpresak herrietako zine txikiak kudeatzen ditu eta oso errotuta daude. Kate handiek iraungo dutela esango nuke. Oraingoz ez dugu laguntza zuzenik jaso. Berfinantzaketak eta horrelakoak bai hile hauei eusteko, aldi baterako erregulazioa onartu ziguten lehenengo egunetik geldi egon garelako.

Zein aurreikuspen egiten duzue irailera begira?
Eguraldiaren eta estreinaldien menpe gaude. Ekainaren 26an hiru estreinaldi egongo dira, eta guk hirurak izango ditugu. Etortzekoa den garrantzitsuena  uztailaren 10etik aurrera izango da. Hogeita pikuan Disneyren Mulan dago. Abuztuan beste estreinaldi garrantzitsu batzuk daude. Film interesgarriak ditugula ikusten duenean, jendeak zinemara etorri gurako duela uste dugu. 

Abuztuan jendea herrian gelditzen bada, ezohiko uda izan dezakezue?
Jende asko beldur izan daiteke oporretan joateko, eta beste batzuk ezin izango dira joan, bizi duten egoeragaitik. Eguraldi txarra egiten duenean baliteke jende gehiago etortzea.

Krisi hau gaindituko dugu?
Hamarkadak daramatzate zinea akabatu guran. Gu hasi ginenean, VHSaren booma gainditu genuen. Gero, plataformak etorri dira, eta hementxe jarraitzen dugu. Modu horiek oso ondo daude gauza batzuk ikusteko, baina film zehatz batzuk zineman ikusi gura ditut, eta bezero askok ere horixe esaten digute.

Kate erraldoiak lehiakide dituzuen arren, Zugaza oso errotuta dago eskualdean. Zelan lortzen da hori?
Zentro handiak sortu zituzten aurreko milurteko amaieran. Orain 20 urte, Euskal Herrian herrietako udal zine aretoak zabaldu ziren. Zugaza da mantentzen den zine pribatu bakarra. Jendeak baloratzen du etxetik irten eta zinemara oinez joatea, kotxerik hartu barik. Eta beste batzuek hamar urteko umeak bakarrik bidali ditzakete etxe ondoko zinemara. Hori ezin da egin kate handi batean. Bestalde, zabalkunde handia egin genuen. Areto bat izatetik hiru izatera pasatu gara, eskaintza handituz. Zineaz gainera, hainbat aurkezpen eta ekitaldi egiten dira hemen. Aurreko krisian, gure tarifak merkeagoak direnez, publiko gehiago izan genuen, eta kate handietan jaitsi egin zen ikus-entzule kopurua. Ez da sarreraren prezioa bakarrik. Hemen, gure dendako prezioak edozein litxarreria dendetakoen parekoak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!