Uztailean adin tarte desberdinei bideratutako udalekuak antolatuko ditu Berbarok. Osasun-krisiak eraginda, bertan behera utzi behar izan dute ohiko formatua, baina errealitate berrira egokitutako berri bat diseinatu dute, segurtasun protokolo bat jarraituz garatuko dena.
Eskaintza lau astetan kontzentratuko dute, ekainaren 29tik uztailaren 26ra, eta ahalik adin tarte zabalenera heltzen ahalegindu dira. Horrela, lau asteetako bakoitza adin tarte batera bideratzea erabaki dute. Lehen Hezkuntzako gaztetxoenekin hasiko dira ekainaren 29an, azkenengo astea DBH-ko gazteekin amaitzeko. Adin horretatik gorakoak eta beherakoak aisialdi eskaintzatik kanpora uztea erabaki dute. 6 urtetik beherakoen kasuan "ez dago adin tarte horretara bideratutako protokolorik”, Markel Sanchez Berbaro elkarteko kudeatzaileak adierazi duenez. Nagusienen kasuan, ez dute uste formatu eraberritua eurentzako erakargarria denik, goizetara bakarrik mugatuta dagoelako eta udaleku ibiltarietan euren kabuz ibiltzera ohituago daudelako.
Udalekuak Durangon gauzatuko dituzte, goizetan, 09:00etatik 13:00etara. Astean behin, eguenetan, egun osoko irteera bat egingo dute. Horrez gainera, bi adin tarte nagusienei begira, Gaubela izeneko ekimena antolatuko dute martitzenetan. Gazteak iluntzeetan elkartu eta ekimenen bat burutuko dute, goizeko ordutegitik kanpora.
Segurtasuna zainduz
Udalekuak segurtasun protokolo bat jarraituz antolatu dituzte. Esaterako, gazteak zortziko talde txikietan banatuko dituzte eta talde bakoitza hezitzaile baten ardurapean egongo da. Horrela, talde desberdinen artean ez da kontakturik egongo eta talde beraren barruko hartuemanak “ahalik gehien murrizten” saiatu dira, Sanchezen esanetan. Horrez gainera, ekintzetan erabilitako materiala egunero desinfektatuko dute eta parte-hartzaileek maskara ekarri beharko dute etxetik egunero.
Aisialdi eskaintza diseinatzea erronka bat izan dela onartu du Berbaro elkarteko kudeatzaileak. “Ohiko ekintza eta jolas asko berrasmatu egin behar izan ditugu. Jolas kooperatiboak izaten jarraituko dute, baina kontaktuak saihestuz”, adierazi du.
UDALEKUEN GAINEKO DATUAK
NOIZ:
• Ekainaren 29tik uztailaren 24ra.
ADINKA BANATUTA
• Ekainaren 29tik uztailaren 3ra: LH 1 eta 2.
• Uztailaren 6tik 10era: LH 3 eta 4.
• Uztailaren 13tik 17ra: LH 5 eta 6.
• Uztailaren 20tik 24ra: DBH 1 eta 2.
IZEN-EMATEA
• NOIZ: Ekainaren 16an, 17an eta 18an, 18:30etik 20:00etara. Plaza mugatuak daude. Ez da zozketarik egingo, izena eman ahala banatuko dira. Ez da izen-ematerik egingo telefonoz edo emailez. Pertsona bakoitzak 3 izen-emate egin ditzake gehienez.
• NON: Durangoko AEKn (Santanoste kalea, 4)
• PREZIOA: 85 euro.