Berbarok bertan behera utzi behar izan ditu udalekuak, ezinbestean

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 27a, 20:11
Mendigorrian (Nafarroa) iaz egindako udaleku baten irudia. BERBARO ELKARTEA.

Elkartea aisialdi eskaintza alternatibo bat lantzen ari da uneotan, eta azaldu du "bere esku dagoen guztia" egingo duela umeei ahalik eta eskaintzarik egokiena emateko, osasun egoerak baimentzen dituen parametroen barruan.

Koronabirusak kolpatutako lan-sektoreen zerrendari beste izen bat gehitu beharko zaio aurrerantzean: aisialdi taldeena. Egoerak hala behartuta bertan behera gelditzen ari dira aurreikusita zeuden hainbat udaleku. Durangoko Berbaro elkarteak bere egitasmo propio guztiak ezeztatzea erabaki du azken egun hauetan. "Bost udaleku egitekoak ginen Durangon (Udan Olgetan), eta bi egonaldi egitekoak ginen Uitzin eta Lizarran (Nafarroa). Horretaz gain, bi udaleku ibiltari ere bertan behera utzi behar izan ditugu", azaldu du Markel Sanchezek, Berbaro elkarteko kudeatzaileak.

Egoeraren txarrari baina, onena ateratzeko bidea hasi du Berbarok. Elkarteak argi du umeen aisialdiarekiko eta euskararekiko konpromisoagaz segituko dutela uda honetan ere. Dagoeneko hasiak dira udalekuetarako eskaintza alternatibo bat prestatzen. "Ez dira amesten ditugun moduko udalekuak izango, baina gure esku dagoen guztia egingo dugu osasun egoerak ahalbidetzen dituen parametroen barruan, ahalik eta eskaintzarik hezitzaileena eta dibertigarriena eskaintzeko", azaldu du Sanchezek. Laster emango dituzte prestatzen ari direnaren xehetasunak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!