#0km

Durangoko Zugaza zinemak asteburu honetan zabalduko ditu ateak, aforoaren heren bategaz

Jone Guenetxea 2020ko eka. 4a, 18:26

Zinemako arduradunek sarrerak aurretik erreserbatzea gomendatzen dute, webgunean edo kanpoan duten makinan.

 

Apurka-apurka, normaltasun berrian geroago eta negozio gehiago martxan ipintzen ari dira. Bigarren fase honetan, zinema-aretoek ere ateak zabaltzeko aukera dutenez, Zugaza zinemako arduradunek asteburu honetan berriro ere zabaltzea erabaki dute. Bertako kideek aitortu dute gogotsu ekin diotela lanari. Zabaldu duten lehenengo aste honetan, aforoa %33koa izango da. Neurri horren eraginez, zinemako arduradunek sarrerak aurretik hartzea gomendatu dute. Euren webgunearen bitartez (cinezugaza.com) zein kanpoan duten sarreren makinan erosi daitezke. Gainera, sarrerako atea ohi baino lehenago zabalduko dute, jende pilaketarik egon ez dadin. Ordutegiak ere doitu dituzte, aretoetako sarrera-irteeretan jendeak bat egin ez dezan. Zinearen barruan, erabiltzaileek derrigorrez ipini beharko dute maskara. Higiene neurriak zorroztu dituztela azaldu dute. Biharkoa izango da zinemak normaltasun berrian egingo duen lehenengo proiekzio eguna. Sarrera bakoitzak bost euro balio du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!