“Lehen Arreta zerbitzuan COVID-19 kasuen %80 kudeatu ditugu; gizartean ez da behar den beste ezagutzen egin dugun lana”

Joseba Derteano 2020ko mai. 29a, 09:30

Igotz Aranbarri familia medikua da Arrasateko Osasun Zentroan eta Zornotzako Zelaieta Mediku Zentroan. Azken horretan, diabetesa edo patologia kardiobaskularren bat duten pazienteen kasuak eramaten ditu, besteak beste. Osasun krisian familia medikuek egindako lana azpimarratu gura izan du.

Gaur-gaurkoz, zein puntutaraino berreskuratu duzue normaltasuna zuen jardunean?
Oraingoz ez gara normaltasunera bueltatu. Asistentziarik gehienak telefonoz egiten dira oraindino, nahiz eta egoera normalean etxean artatzen diren pazienteen arreta edo oraingo osasun arazo baten eraginez etxetik irten ezin dutenena, etxean bertan egiten jarraitzen dugun. Telefonoz, pazienteak aurrez aurre artatzea behar duela baloratzen bada, orduan txanda ematen zaio. Oraindino badaude egon COVID-19 kasuak, eta, ahal den neurrian, garrantzitsua da kontaktua ekiditea edo babes neurri guztiekin egin ahal izatea behintzat, bai gure onerako, bai pazienteen onerako. Apurka ari gara lehengora bueltatzen, nahiz eta seguruenik hemendik aurrera arreta ez den lehen ezagutzen genuenaren modukoa izango; aldaketak egongo dira.

Zornotzan, gaixotasun kronikoa dutenen kasuak eramaten dituzu. Zelan eragin die osasun krisiak?
Etxetik jarraitu dute euren tratamenduekin, eta telefonoz mantendu dugu hartu-emana, kontrol bat eramateko. Gaixotasun mota horiek lotura zuzena dute elikadura motagaz, ariketa fisikoagaz, egoera emozionalagaz… Ahalegin handia egin dute elikadura eta bestelakoak kontrolatzen, baina ulertu behar dugu ez dela egoera erraza izan eurentzat. Bai, sufritu dute pandemiaren eragina, nahiz eta COVID-19 gaixotasuna izan ez. Orain, apurka-apurka eurekin hartu-emana berrartzen joango gara eta informazio zuzenagoa jasoko dugu euren benetako egoera baloratzeko. Ardura hori dugu eta zain gaude.

Sarritan psikologo lana egitea egokitu zaizue?
Lanetik kanpora, profesional askok gure telefonoak partekatu ditugu sare sozialetan. Niri jende askok deitu dit ezjakintasunetik, beldurragaitik, telefonoaren beste aldean zegoen horrek egoera bideratzen lagunduko zion esperantzagaz. Pandemiatik kanpora-eta sarritan egokitzen zaigu psikologo lana egitea. Jendeak azalpenak behar izaten ditu, berba gozo batzuk… Azken batean, pertsonak gara.

Eta nork egin du psikologo lana zuekin?
Oso egoera gogorra izan dan denontzat. Sarritan entzun ditut 'beldurrez noa lanera', 'ezin dut lorik egin' eta antzerakoak. Kanpotik ikusten ez diren egoerak dira. Sarritan gizarteak uste du superman edo superwoman garela, baina ez da horrela, pertsonak gara eta sufritu egiten dugu. Esango nuke profesionalok ere pandemia sasoiak eragindako antsietatea, depresioa edo arlo horretako bestelako patologiak jasango ditugula aurrerantzean. Lagungarria izango litzateke guk ere psikologo profesionalen laguntza jasotzea, behintzat zerbitzu hori eskatzen dutenei begira. Landu beharko litzatekeen arloa dela deritzot. Azken batean, COVID-19a ez da joan, kasuek hor egoten jarraituko dute eta adi gaude. Lehen baino gehiago dakigu, baina estres puntu hori hor dago. Kasu gutxi egon arren, paziente batek kontatzen dizun edozein sintoma kasu bat izan daiteke. Beraz, beti babes hori mantendu behar dugu, bai fisikoa eta baita emozionala ere.

Hemen osasun krisiak eztanda egin aurretik, osasun arloko profesionalek sumatzen zenuten zer etorriko zen edo zein hedadura hartu zezakeen?
Bazetorren, bazetorren eta bat-batean eztanda egin zuen. Hasieran dena nahiko kaotikoa izan zen eta unean uneko egoeretara moldatzen joan behar izan genuen. Aurrera egitea lortu badugu, arloko profesionalen lanari eskerrak izan da. Osasun sistematik jarritako baliabideak eta babes neurriak garrantzitsuak dira, baina egunero lanean aritu diren pertsonek dute meriturik handiena, eta talde lana goraipatzekoa da; hasi harreran txandak kudeatzen dituzten pertsonengandik, erizain, mediku, garbitzaile eta osasun zentroetan lankide diren guztien talde lanari esker lortu dugu aurrera egitea.Esaterako, Lehen Arreta zerbitzuan COVID-19 kasuen %80 kudeatu ditugu, telematikoki edo presentzialki. Lehen Arreta zerbitzua hasiera-hasieratik egon da horretan. Gizartean ez da behar den beste ezagutzen egin dugun lana. Deiak hartu ditugu eta jarraipena eman diegu larriak ez ziren kasuei. Egoeraren arabera, tratamendua jarri eta ondorengo jarraipen zorrotza egin zaie. Lan handia izan da eta ertz askokoa. Hobeto ulertzeko adibide bat ipintzearren, isolamenduan egon direnei familia medikuek eman dizkiete laneko baja agiriak. Idazkari lana egitea ere egokitu zaigu. Horrez gainera, ospitaletan ingresatuta egon direnen ardura ere badugu Lehen Arretan, telefonoz zein presentzialki, pazientea ezin bada etxetik mugitu ingresatu ondoren.

Pasatutakoa pasatuta, zer ikasgai atera behar genituzke etorkizunera begira?
Iruditzen zait gizartearen zati batek gogoeta egiteko baliatu dituela azken hile hauek, baina beste zati batek ez duela kontzientziazio lan hori egin. Zelanbaiteko askatasuna eman diguten une honetan, berriro lehengo ohituretara bueltatu diren sentipena dut. Eguneroko jarrera, portaera eta ekintzak garrantzitsuak dira. Kalean maskarak erabili behar dira eta asko maskararik barik dabiltza. Konturatu behar dugu gure portaerak besteengan eragina izan dezakeela.

Arlo pertsonalean, koronabirusak izan du eraginik zugan?
Asko maite dugun senitarteko batek COVID-19a du eta isolamenduan sartu zutenean negarrez zegoela utzi behar izan genuen. Oso tristea da eta benetan une gogorra izan zen guretzat. Horrelakorik bizi izan ez duenari urruneko zerbait irudituko zaio beharbada, baina ez da horrela, hor dago eta edonori gerta dakioke. Horregaitik da oso garrantzitsua babes neurri guztiak erabiltzea kalean gabiltzanean eta zentzuz jokatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!