“Martin bizirik jaistea miraria izan zen eta besteok ez irtetea erabaki genuen"

Joseba Derteano 2020ko mai. 15a, 10:30

Martin Zabaletak baino ez zuen egin gaina, baina taldeko garaipena izan zen. Orduan, horrela ulertzen zuten alpinismoa. Kike de Pablo Zamoran jaiotako durangarra espedizio hartako kidea izan zen. Besteak beste, Zabaletak tontorrerako bidean bizitako arriskuak gogoratu ditu.

40 urte joan dira, baina euskaldunon memorian bizi-bizirik dirauen balentria lortu zenuten.
40 urte, bai! Egia esanda, gauza batzuk ahaztu egiten dira eta urteurrenetan memoria apurtxo bat egiten dugu hedabideekin. Ondo dator.

Espedizio osotik Martin Zabaleta heldu zen gailurrera. Zergaitik?
Beste sasoi batzuk ziren eta talde osoak gailurra egitea gatx zen, guretzat zein edozeinentzat. Baina beste ikuspegi bat zegoen: gailurra talde moduan egiten zen. Taldetxotan banatzen ginen eta lehenengoak lortzen ez bazuen, bigarrena ahalegintzen zen, eta gero hirugarrena. Espedizio hartan lehenengo talde biek ez zuten lortu, eguraldi txarra egin zuen eta. Hirugarren taldea Juan Ignacio Llorentek eta Martin Zabaletak osatutakoa zen. Baina oxigeno botila batek huts egin zien eta Martinek bakarrik jarraitu zuen.

Imajinatzen dut Martinek gailurra egin zuela esan zizuenean festa nagusituko zela.
Lehenengo jaitsi egin behar zuen. Mendian eta Everesten garaieran... Eguraldia ez zen aproposena eta Martin ondo jaistea zen gure ardura.

Egon zen arrisku momenturik?
Bai. Goranzkoan, beragaz zihoan sherpa erlaitz batetik behera jausi zen, gailurretik gertu, eta Martinek topera ipini behar izan zuen oxigenoa sherpari laguntzeko. Gero, jaitsieran oso nekatuta zeuden biak, ezin zuten gehiago, botilako oxigenorik barik geratu ziren eta ilundu egin zitzaien. Hantxe eman behar izan zuten gaua. Walkie-talkie bidez komunikatzen ginen eurekin eta animoak ematen genizkien. Eguna zabaldutakoan martxan ipini ziren eta berba egiten nion: "Aupa, Martin, animo, orain pauso bat, orain beste hanka...". Azkenean, euren bila irtendako sherpekin topo egin zuten. Eguraldia ez zuten lagun izan eta Martin bizirik heltzea miraria izan zen. Besteok ez irtetea erabaki genuen. Beraz, ez ginen inor abiatu. Baina garrantzitsuena lortuta zegoen, gailurrera heldu ginen.

Lorpen hura euskal alpinismoan mugarri bat izan zela uste duzu?
Alpinismo moduan, ez dut uste. Osotasunean begiratuta, gurea ez zen izango orduko alpinista talderik onena. Aukeraketan lau probintziatako [Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa] kideak egotea begiratu zuten. Baina esango nuke gure lorpena sinbolo bihurtu zela gizarteko maila askotan. Orduko testuinguru politikoa ere beste bat zen.

Goi mendietako abenturek gaur egun baino kutsu erromantikoagoa zuten orduan?
Tira, diruak eta interesak jokoan dauden espedizio komertzialak alde batera utzita, gaur egun gertatzen dena da askoz gehiago garela. Populazioa asko hazi da. Orduan gutxiago ginen eta dena bakartiagoa zen mendian. Baina berdin gertatzen da gure inguruko mendietan ere. Motibazioari dagokionez, denerik egongo da: batzuek mendiaz maiteminduta igoko dute, beste batzuk egoa asetzearren edo interesengaitik...

Mendian ibiltzera ohituta, konfinamendua gogorra egin zaizu?
Ez zait gogorra egin. Ingurukoen osasunak arduratzen zaitu, jakina, baina etxean egotea ondo eraman dut. Liburuak irakurtzen, hau edo bestea egiten, arin igaro zait denbora. Beste egoera batzuk ekarri dizkit gogora: eguraldi eskasagaz mendiko beheko kanpalekuan kanpin-dendatik zazpi egunean irten barik egon nintzenekoa eta antzerakoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!