Euskaldunek gaur 40 urte konkistatu zuten Everest eta Durangon bizi den Kike de Pablo espedizio hartako partaidea izan zen

Anboto 2020ko mai. 14a, 09:43
Kike de Pablo 1980an, Everesten, eta gaur egun, Kirolenen.

Herri oso bat bultzaka zuela, Martin Zabaleta alpinista 1980ko maiatzaren 14an heldu zen Everesteko tontorrera. Munduko tokirik garaienean ikurrina lau haizetara astintzen zuten lehenengo aldia izan zen. Euskaldunez osatutako taldeko lanari eskerrak heldu zen Zabaleta gailurrera. Espedizio hartako kidea izan zen Kike de Pablo. Zamoran jaiotako alpinista Durangon bizi da 1980tik hona eta irakaslea da Kirolenen, Kirol Irakaskuntzen Ikastetxe Publikoan. Biharko alean berari egindako elkarrizketa argitaratuko du ANBOTOk.

Arriskuz beteriko igoera izan zen. Esaterako, tontorrera heldu ostean, bueltako bidean, Zabaletak eta beragaz zihoan Pasang Temba sherpak ezin izan ziren kanpamendura heldu. Eguraldia eskasa zen eta oso nekatuta zeuden. Ilundu egin zitzaien eta kanpoan eman behar izan zuten gaua. Kike de Pablok eta gainerako kideek walkie-talkie bidez eurei animoak ematen igaro zuten gaua. Hurrengo egunean, Zabaleta eta Pasang kanpamendura heldu zirenean, gainerakoek beste saiakerarik ez egitea erabaki zuten. Baina helburua lortuta zegoen: euskaldunek Everest konkistatu zuten.

Kike de Pabloren Everesteko espedizioko hainbat irudi. Lehenengoan, Jon Zabaleta du ondoan, Martinen anaia.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!