“Brasilen gaixo eta hildako kopuruak gora egin du eta krisi betean sartuko garela dirudi”

Jone Guenetxea 2020ko mai. 8a, 11:40

Nahia Maldonado durangarra Brasilen bizi da, Sao Paulo hirian. Hizkuntza eskola batean lan egiten du, irakasle. Hemen baino neurri lasaiagoak dituzten arren, martxotik aurrera etxetik lan egiten dabil, koronabirusak eragindako osasun krisiak Brasilen ere gogor kolpatu du eta. Maldonadoren ustez, datozen egun edo asteetan hango neurriak gogortu egingo dituzte. Hori iragarri dute behintzat hango telebistan.

Zelan daramazu konfinamendua?
Brasilen ez dute neurri zorrotzik ezarri. Egia esan, konfinamendua bera ere ez dute ezarri. Etxetik ez irtetea gomendioa da, ez derrigorrez egin beharrekoa. Ez da Euskal Herriaren moduan ehuneko ehunean bete beharreko araua. Hala ere, niri egunerokoa goitik behera aldatu zait, baina nahiko ondo daramadala esango nuke. Lehen, ordu eta erdi behar nuen lanera heltzeko, eta orain bost minutu baino ez ditut behar lanean hasteko [barreak]. Lanean dena modu birtualean egiten dugu eta aurrez aurreko hartu-emanaren falta igartzen dut, baina, orokorrean, ondo daramadala esan dezaket.

Profesionalki, zelan eragin dizu egoerak?
Galdera hori zailagoa da erantzuteko. Esango nuke eragin handia duela gugan, baina baita ikasleengan ere. Krisialdi handi baten aurrean gaude. Eskolako bazkideetariko bat naiz, eta, beraz, irakatsi bakarrik ez, erabakiak ere hartu behar izan ditut. Etxean geratzea gomendatu zuten unetik, hori egitea erabaki genuen adibidez. Honek guztiak gainerako irakasle eta ikasleengan duen inpakua ere aztertzen ari gara, erabakiak hartzeko. Egoera normal batean hobeto egongo ginen, baina ahal dugun heinean eurei laguntzen ere ahalegintzen gabiltza. Diru sarrera baxuagoak izango ditugu, baina ez dugu inor kaleratu  behintzat, eta ez dugu inoren soldatarik murriztu, bazkideona baino ez.

Aipaturiko konfinamendu neurri horiek berdinak dira Brasil guztian?  Sao Paulo eta Rio de Janeiro dira estaturik kolpatuenak, ezta?
Ez dago neurri zehatzik, edo zorrotzagorik. Martxo amaieran luzatu egin zuten etxean geratzeko gomendioa. Sao Paulo ez da hiriburua, baina bai hiritarrik gehien biltzen duen hiria. Gomendio bera eman dute leku guztietarako: beharrezkoa denean baino ez irtetea kalera, eskuak sarri garbitzea, maskara erabiltzea... Orokorrean, esango nuke ez dela eskatutakoa gehiegi errespetatu. Orain artean koronabirusak ez du inpaktu handirik eduki, Brasilgo kopuruak kontuan hartuta, jakina; infektatu edo hildakoen kopurua ez da beste leku batzuetakoen moduko handia izan, baina orain kopuru hori gora egiten ari da eta badirudi krisi betean sartzen ari garela. Esandako moduan, gomendioak baino ez dira, baina gomendioei jarraitu ezean neurriak zorroztu egin beharko direla esan dute telebistan egunotan. Gobernatzaileek erabakitzen dituzte neurriak, eta alkateek ere badute aukera iritzia emateko.

Zelan dabil kudeatzen krisi hau Jair Bolsonaro presidentea?
Esan dudan moduan, gobernatzaile bakoitzak erabakitzen ditu estatu bakoitzean aplikatu beharreko neurriak. Ez dakit albistea Euskal Herrira heldu zen ala ez, baina hemengo telebistan argi utzi zuen koronabirusa, bere ustez, gripetxo bat baino ez dela. Eta ez dio behar den besteko garrantzirik eman. Behin hori esanda, zer eskatu diezaiokezu arazoari behar den garrantzia ematen ez dion pertsona bati? Ez dut esango egin duen kudeaketa ona ala txarra den, berak ez diolako behar besteko garrantzia eman; ez dio ezer. Beragaitik balitz, komertzio guztiak zabalik egongo liratekeela esan du publikoki. Bere esku balego, batek daki zelan egongo ginen.

Honen ondoren, zer?
Ez dakit. Esango nuke egoera honetatik asko ikasiko dugula, bai pertsonalki eta baita profesionalki ere, nahiz eta orain zerbait negatibotzat ikusi. Ekonomikoki inpaktu handia edukiko du, eta horrek ere eragina izango du herrialde guztian; herrialdeak dituen helburu ekonomikoak ez dira lortuko, eta langabeziak ere gora egingo duela uste dut. Lau urte daramatzat hemen, eta langabeziak behera egin du urte hauetan. Orain, ostera, gora egingo du berriro. Ahal den heinean, positiboki hartu beharko dugu datorrena, eta egoera berriari aurre egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!