650 ikasle baino gehiagok hartu dituzte Kiroleneren online eskolak alarma egoeran

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 7a, 13:20
Kirolenek 2018ko maiatzean egindako jaialdi baten irudia.

Kirol Irakaskuntzako Ikastetxe publikoak 280 ordu baino gehiagoko eskolak eman dizkie kirol modalitate desberdinetako 650 ikasle baino gehiagori. 42 irakasle eta profesional aritu dira eskolak online ematen

Alarma egoera deklaratu zenen Kirolenek aurrez aurreko jarduera guztiak bertan behera utzi eta eskolak internet bidez emateari ekin zion. Denbora tarte honetan 280 eskola-ordu baino gehiago eman ditu eta 650 bat ikaslek jarraitu dituzte. Askotariko modalitateetako ikasleek segitu dituzte. Mendia eta eskalada, futbola eta areto-futbola, saskibaloia, eskubaloia, atletismoa, urpekaritza, salbamendua eta sorospena, eskubaloia, neguko kirolak, bela eta aldi iragankorreko prestakuntzak (gimnasia, txirrindularitza eta padela) eta hipikako bloke komuna landu dira.

Egindako lanarekin "harro" dago Kirolene. "42 irakaslek baino gehiagok osatzen duten Kirolene KIIP HHPKko irakaslegoa, ezin hobeto egokitu da alarma egoera honek ekarri dizkigun egoera berezietara, eta ikasleak erabat on line jasotzen ari dira beren prestakuntza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eman digun hezkuntza plataformaren bidez eta Erregimen Bereziko Kirol Irakaskuntzak arautzen dituen araudian ezarritako eskumenen arabera" adierazi du Ramón Fernández zuzendariak.

Ulergarritasuna eta eskerrona

Egoera erraza ez dela-eta, Kirolenek eskerrak eman dizkie irakasleei eta ikasleei, "egoera berri honetara egokitzeko erakutsi duten prestutasunagatik; baita Eusko Jaurlaritzari ere, beharrezko tresnak azkar antolatzeagatik eta lankidetzan aritzeagatik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!