"Gizonezko bat zarataka hasi zitzaidan atzo; kirolari profesionala nintzela eta entrenatu nezakeela azaldu arren, oihuka segitu zuen"

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 5a, 17:30

Lekeitiora igeri egitera joatekotan zela harrapatu dugu Irene Loizate triatleta eta txirrindularia (Durango, 1995). Igerilekuak zarratuta daudenez, gaurkoa du bere lehen igeriketa entrenamendua, itsasoan, hilabete eta erdi ingururen ostean. Atzotik udalerriko mugetatik kanpo entrenatzeko aukera dute Durangaldeko kirolari profesionalek. Loizatek aitortu digu atzo hainbat iskanbila izan zituela herritarrekin eta udaltzainekin.  

Atzotik, posible duzu modu librean entrenatzea. Nola joan dira lehen entrenamenduak?

Asteburuan herritar guztioi ezarritako ordutegien baitan egin nuen kirola. Zapatuan korrika egitera irten nuen. Ordubete egin nuen. Domekan, beste hiru orduz aritu nintzen Durangotik zehar bizikleta gainean. Atzo, baina, arazoak izan nituen Abadiñoren eta Durangoren arteko mugan. Goizeko 9:00ak inguru izango ziren. Astolarako bidegorrian, udaltzain batek ez zidan Abadiñora sartzen utzi. Azaldu nion kirolari profesionala nintzela. Erdian ipini zen eta esan zidan handik ez zela inor pasako. Berdin zitzaiola profesionala izan zein ez.

Abadiñoko ala Durangoko udaltzaina zen hori esan zizuna?

Durangokoa. Udaletxera jo nuen eta han azaldu zidaten udaltzainei bezperan eman zietela abisua. Hau da, goi mailako kirolariak garenok badugula entrenatzeko baimena eta horrenbestez posible dugula herrietatik zehar entrenatzea.

"Astolarako bidegorrian, udaltzain batek ez zidan Abadiñora sartzen utzi. Azaldu nion kirolari profesionala nintzela. Erdian ipini zen eta esan zidan handik ez zela inor pasako. Berdin zitzaiola profesionala izan zein ez"

Bi egun hauetan izan al duzu halako beste arazorik zure lana egiteko?

Bai. Atzo udaletxetik etxerako bidean ere izan nuen beste iskanbila bat. Izango ziren 10:30ak inguru. Gizonezko bat zarataka hasi zitzaidan gazteok etxera joan behar genuela esanez, 10:00ak pasata zeudela-eta. Berarengana joan eta azaldu nion kirolari profesionala nintzela eta entrenatzea posible nuela. Keba. Gizonak bronkarekin segitu zuen. Nork daki,... akaso gizonezkorik lotsabakoenarekin egin nuen topo...

Astelehen mugitua, beraz.

Bai. Gaur, aldiz, dena lasai joan da. Bizikletan entrenatu dut. Gernika aldetik ibili naiz, baita Laida ingurutik ere. Arazorik barik.

Deskuidoan, gidariren batek egin al dizu arramuskararik?

Atzo Abadiñotik Elorriorako errepidean bai. Gidari bik bozina jo zidaten. Sentitzen nuen nire ondo-ondotik pasatzen zirela eta marmarren bat egiten zutela.

"Gidari bik bozina jo zidaten. Sentitzen nuen nire ondo-ondotik pasatzen zirela eta marmarren bat egiten zutela"

Korrika eta txirrindularitza bai, baina triatleta zaren heinean, nola entrenatuko duzu igeriketa?

Igerilekuak zarratuta daudenez, hilabete eta erdi inguru daramat igeri egin barik. Indar ariketak egiten aritu naiz etxean. Gaur, baina, itsasora joango naiz lehenengoz, Lekeitiora. Entrenatzera joateko bada, posible dugu autoa hartu eta haraino gidatzea. Beraz, hara joango naiz igeriketan entrenatzera. Askorik ez dut egingo, hilabete eta erdiren ostean lehenengo aldia izango da-eta. Gainera, ura hotz xamar egongo da.

Ziurtagariren bat soinean eraman behar izaten duzue entrenatzen ari zaretela azaltzeko?

Bai. Eusko Jaurlaritzaren kirol sailetik edo Espainiako federaziotik igorritako baimen bat dugu. Maila handiko kirolariak garela ipintzen du bertan.

Zure lana egiteagatik atzamarrarekin seinalatuta izan zarenaren sentipenik baduzu?

Bai. Laidarako bidean ertzainen auto bat gurutzatu dut. Tentsio moduko bat sentitu dut. Badakit nire lana egiten ari naizela eta badudala baimena, baina ezin izan dut tentsio hori sentitzea ekidin. Aurrekoan udaltzainarekin gertatutakoaz akordatu naiz. Badakit ez digutela isunik jarriko, dena baimenduta dugula; baina entrenamendua zapuztu diezazuke.

Kirol proba guztiak bertan behera utzita edo airean daude. Nola entrenatzen zara helburu finko bat izan barik?

Arraroa zait helburu bako entrenamenduak egitea. Orain arte forma ez galtzen ahalegindu naiz. Orain, berriz, kalkulu moduko bat egin dezakegu. Aurreikusi dezakegu hiru hilabetetan ez dela probarik egongo. Forma ez galtzea eta erritmoa berreskuratzea dagokigu. Batez ere, igeriketan, denbora askoan hori egin barik egon naiz eta.

"Aurreikusi dezakegu hiru hilabetetan ez dela probarik egongo. Forma ez galtzea eta erritmoa berreskuratzea dagokigu"

Lehiarako sena gogotsu al duzu?

Bai. Gogoa badut, nahiz eta zati batean ez den lehiarik egongo. Alde horretatik trankil nago. Entrenamenduak gehiago gozatu daitezke, bestela beti dagoelako probaren baten inguruko ardura. Domekan, adibidez, Durangoko mugen barruan egin nuen entrenamendua. Nire artean esaten nuen: "ta zer egingo dut nik Durangotik zehar bizikleta gainean?". Ba ez pentsa! Hiru orduko entrenamendua egin nuen eta egia esan nahiko ondo irten zen dena. Beste hainbat txirrindulari ibilbide berdintsua egiten aritu zen eta hor aritu ginen batak besteari aurrea hartu guran, pikatuta. Jende ezaguna ikusten nuen bidean, berdin oinez edo korrika. Entrenamendu dibertigarria izan zen egia esan.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!