#0km

"Atzokoa zoramena izan zen; 110 bat dei jaso genituen ilea mozteko txanda hartu nahian"

Joseba Derteano 2020ko mai. 5a, 12:12

Jesus Ignacio Gomezek Durangoko Aramotz auzoan duen ile-apaindegiak atzo ireki zituen ateak hile eta erdian itxita egon ostean eta makina bat lan izan zuen.

Jendea ilea mozteko aukeraren zain zegoen!
Bai, alajaina. Joan zen asteko eguaztenean, hedabideetan ile-apaindegiak ireki ahalko zirela informatu zuten egunean bertan, telefonoko erantzungailuan mezuak jasotzen hasi nintzen. Ile-apaindegia ireki nuenerako 30 bat txanda hartuta nituen. Eta atzo, egunean zehar, 110 bat dei jaso nituen ile-apaindegiko telefonoan ilea mozteko txanda hartu nahian; zoramena izan zen. Nire emaztea aritu zen telefono deiak hartzen, bestela nik ezingo nuen ilerik moztu. Berez, jaso genituenak baino dei gehiago izan genituen, baina deiak erantzuten genbiltzanez, erantzungailuak irteten zien. Ofizioan daramatzadan 30 urte baino gehiagotan ez zait atzoko moduko ezer gertatu. Kontuan hartu behar da, jakina, egoera berezia zela. Gaur eta hurrengo egunetan ez ditugu hainbeste dei jasoko seguruenik.

Beraz, agenda ondo beteta izango duzu hurrengo egunetan.
Aste honetako txanda denak beteta daude eta baita datorren asteko egun batzuetakoak ere. Hala ere, beti saiatzen naiz txandaren bat libre uzten han eta hemen, tarte batekin jokatzeko aukera izateko.

Zein segurtasun neurri jarraitzen dituzu?
Txandak aurretik telefonoz hartzen ditugu eta bezeroak banaka sartzen dira. Nik beti maskarillarekin lan egiten dut eta bezeroei jarritako estalkiak behin bakarrik erabiltzen ditut, garbitu aurretik. Gainerako tresneria ile-apaindegian bertan dudan  makina batean estirilizatzen ditut egunean hainbat bider. Horrez gainera, bezeroak esertzen diren aulkia txanda bakoitza hasi aurretik alkoholarekin garbitzen dut.

Kuriositaterik gertatu zaizu?
Atzo etorri zitzaidan baten bat ea ordu erdiren barruan ilea mozteko txandarik banuen galdetuz. "Jakingo bazenu zenbat dei jaso ditugun!", pentsatu nuen. Batzuek oraindik ez dute txipa aldatu, baina txanda hartu barik ile-apaindegira joatearena amaitu da, epe laburrean behintzat. Itxarote -zerrendak luzeak izango dira, bai nire ile-apaindegian eta bai besteetan. Bestalde, ikustekoa zen bezero batzuen ilea! Sekula ez ditut hain ile luzearekin ikusi eta batzuen ile matazak ordenatzeak lan handia eman zidan. Bestelakoan, jendea umoretsu ikusi dut. Zerua ireki zaie, kirola egiteko aukera hasi zenean moduan. Urte askoan nigana datozen bezero fidelak ditut eta alde horretatik oso esker oneko nago.

Ilea mozteko teknika bizikletan ibiltzen ikastea modukoa da ala hasieran kostatu zitzaizun?
Ez, zorionez ez da ahazten. Gainera etxez etxeko zerbitzuan lanean ibili naiz eta horrek ere laguntzen  du.

Ile-apaindegia itxita egon den bitartean, etxez etxeko zerbitzuak lagundu dizu galerak arintzen?
Ez, etxez etxeko zerbitzutik irabazitakoak ez dit eman gizarte segurantza ordaintzeko ere. Ez dit egoera leundu, zeren eta ez dut ia dirurik fakturatu, baina ordainketak betiko lez egin behar izan ditut. Etxez etxekoa ez dut diruagatik egin, nire ohiko bezeroei harreta eskaintzearren egin dut. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!