Koronabirusaren ondorioen aurrean, "ekonomia suspertzeko plan globala" sortzea proposatu du Durangoko EAJk

Ekaitz Herrera 2020ko api. 22a, 12:15

Durangoko EAJk koronabirusaren ondorioei aurre egiteko proposamen-sorta bat aurkeztu du. Epe laburrerako, ertainerako eta luzerako neurriak identifikatu dituzte eta horien artean daude "Durango bultzatzeko mahaia" edo komertzio txikia berpizteko proposamenak. Elkarlanean aritzeko deia egin dio udal gobernu taldeari

Covid-19ak kalte ekonomiko "latzak" ekarriko dituela aurreikusita, Durangoko EAJk neurri "ekonomiko nagusi eta zehaztuagoak" hartu behar direla azaldu du. "Durangoren hobebeharrez bideratu ahal izateko" proposamen-sorta aurkeztu dio udaletxeko gobernu taldeari eta elkarlanean aritzeko deia egin dio. EAJk esan du laguntzarako "eskua" luzatuta dutela.

Ekonomia suspertzeko plan globala

"Durango bultzatzeko mahaia" sortzea da EAJren epe laburreko proposamen nagusia. Bertan, "alderdi politiko guztiek eta herriko eragile sozial eta ekonomiko nagusiek" hartuko lukete parte. "Egoeraren azterketa egin eta une bakoitzean beharrezkoak diren neurriak zehazteaz gain, Durango bultzatzeko helburuarekin ekonomia suspertzeko plan globala" diseinatzea defendatu du EAJk. Bestalde jada onartuta eta indarrean dauden 2020ko udal aurrekontuak birplanteatzea eskatu du, "funtsezkoak ez diren aurrekontu-partidak murrizteko eta premia handiagoko beste arlo batzuetara bideratzeko".

Komertzio txikiei begirako neurriak

Alarma egoeragatik negozioa zarratu behar izan duten denda, taberna eta zerbitzu enpresei "zuzeneko laguntza ekonomikoak" eskaintzea proposatu du. Horiekin batera konbinatuko lirateke, betalde, merkataritza-bonoen kanpainak, kontratazioak herriko negozioekin zuzenean egiteko proposamena edo Dendak Bairen Durangozaindu kanpaina diruz hornitzeko ideia. Epe ertainera begira, berriz, komertzioen mapa interaktibo bat egitea edota saltoki txikien "digitalizazioa" bultzatzea planteatu du EAJk. Epe luzerako neurrien artean, Durango "hirigune komertziala" bihurtzea iradoki dute.

Herriko elkarte eta eragileen diru-laguntzak ez murriztea

Talde jeltzaleak azaldu duenez, Durangoko udal gobernu taldeak "murriztu" egin ditu herriko eragile eta elkarteei ematea aurreikusita zeuden diru-laguntzak. “Herriko kirol, kultura edota batez ere gizarte arloko elkarteen eta kluben hitzarmenen/diru-laguntzen zenbateko ekonomikoak mantentzea edo handitzea beharrezkoa" ikusten du EAJk. "Elkarte guzti hauek esfortzu handia egiten dute Durangoren eta durangarren alde urtean zehar. Euretariko askok, oraingoan ere esfortzu handia egin beharko dute eta nahiko arazo izango dituzte beraien urteko ekimen eta kontuak lantzen" azaldu dute.

Elkarlanerako deia

Koronabirusaren egoerak "elkar-ulertzea, laguntzea eta guztion indarrak batzea eskatzen" duela dio EAJk, eta azaldu du udal gobernuari eskatu bilera bat egitea eskatu diola, hartara, neurriak eta proposamenak "eztabaidatzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!