www.durangozaindu.com ataria sortu dute, Durangoko komertzioetan bono-txartelak erosteko plataforma

Ekaitz Herrera 2020ko api. 14a, 15:58

Esamolde honekin laburtu liteke egitasmoa: erosi bonu-txartela orain, trukatu produktuak konfinamendua amaitutakoan, eta bitarte horretan lagundu dendak likidoz hornitzen. Durangoko Udalak eta Dendak Bai merkatarien elkarteak elkarlanean sortutako plataforma da www.durangozaindu.com

Konfinamendua dela-eta komertzioak zarratuta daudenez gero, Durangoko Udalak eta Dendak Bai elkarteak plataforma bat sortu dute. Herritarrek orain erosi ditzakete gero dendetan gastatu ahal izateko bonu-txartelak. Udalak dioenez, egitasmoaren helburua da komertzioei likidezia iturri bat ematea, konfinamenduak iraun bitartean duten egoera zaila leuntzeko. Dagoeneko martxan dago web orria.

Dendak Baiko eta udaleko iturriek azaldu dutenez, ekimenaren helburu nagusia "herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen etorkizuna bermatzea" da. "Guztion bultzada behar dugu Durango bizirik mantentzeko, oso garrantzitsua da bai auzokideen laguntza zein merkatari eta ostalarien artekoa. Kontzientziazio lan bat da batez ere eta guztion laguntza behar dugu aurrera jarraitzeko.

BEZEROA NAIZ. Nola erosi ditzaket bonu txartelak?

  1. Sartu web orrian eta erregistratu erabiltzaile modura. Behin erregistroa eginda, emailagaz eta pasahitzagaz sartu ahalko da aurrerantzean
  2. Aukeratu komertzioa (denda, zerbitzua edo ostalaritza) eta aukeratu bonoaren prezioa eta kopurua. Gura beste bono erosi daitezke, gura beste komertzioetan. Egin erosketa. Erosketa egindakoan, diru-kopuru hori dendari igorriko zaio
  3. Bonu-txartela erositakoan, erabiltzaileak froga agiri bat jasoko du helbide elektronikoan. Agiri hori NAN txartelarekin batera aurkeztu beharko du dendan, konfinamenduaren osteko egunetan. 2020ko abenduaren 31ra arte trukatu ahalko dira bonuak
  4. Bonua erosi den denda horretan trukatu ahalko da bakar-bakarrik. Erositakoaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino baxuagoa bada, ez da dirua itzuliko. Diferentzia hurrengo erosketa baterako gordeko da, beti ere epemuga dataren barruan.

MERKATARIA NAIZ BAINA EZ NAGO DENDAK BAI ELKARTEAN SARTUTA. Parte hartu dezaket?

  • Bai. Dendak Bai elkarteko bazkideek bultzatutako egitasmoa izan arren, gainontzeko beste negozio guztiek ere badute parte hartzeko aukera. Merkatariren batek plataforman izena eman gurako balu, comercio@dendakbai.com  helbidera edo 688 738 102  WhatsAppera idatzi behar du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!