Konfinamendua dela-eta komertzioak zarratuta daudenez gero, Durangoko Udalak eta Dendak Bai elkarteak plataforma bat sortu dute. Herritarrek orain erosi ditzakete gero dendetan gastatu ahal izateko bonu-txartelak. Egitasmoaren helburua da komertzioei likidezia iturri bat ematea, konfinamenduak iraun bitartean duten egoera zaila leuntzeko. Bezeroek eta merkatariek aukera zabalik dute bertan parte hartzeko.
BEZEROA NAIZ. Nola erosi ditzaket bonu txartelak?
- Sartu web orrian eta erregistratu erabiltzaile modura. Behin erregistroa eginda, emailagaz eta pasahitzagaz sartu ahalko da aurrerantzean
- Aukeratu komertzioa (denda, zerbitzua edo ostalaritza) eta aukeratu bonoaren prezioa eta kopurua. Gura beste bono erosi daitezke, gura beste komertzioetan. Egin erosketa. Erosketa egindakoan, diru-kopuru hori dendari igorriko zaio
- Bonu-txartela erositakoan, erabiltzaileak froga agiri bat jasoko du helbide elektronikoan. Agiri hori NAN txartelarekin batera aurkeztu beharko du dendan, konfinamenduaren osteko egunetan. 2020ko abenduaren 31ra arte trukatu ahalko dira bonuak
- Bonua erosi den denda horretan trukatu ahalko da bakar-bakarrik. Erositakoaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino baxuagoa bada, ez da dirua itzuliko. Diferentzia hurrengo erosketa baterako gordeko da, beti ere epemuga dataren barruan.
MERKATARIA NAIZ BAINA EZ NAGO DENDAK BAI ELKARTEAN SARTUTA. Parte hartu dezaket?
- Bai. Dendak Bai elkarteko bazkideek bultzatutako egitasmoa izan arren, gainontzeko beste negozio guztiek ere badute parte hartzeko aukera. Merkatariren batek plataforman izena eman gurako balu, comercio@dendakbai.com helbidera edo 688 738 102 WhatsAppera idatzi behar du.