Jon Irazabal: "Arineketan idatzitako lerro hauek Josemari Uriarteren lan emankorraren aipamen labur bat baino ez dira"

Jon Irazabal 2020ko api. 17a, 13:33
gerediagako lantaldea. Josemari Uriarte, ezkerretik hasita hirugarrena. Jon Irazabal, bigarren lerroan, bigarrena.

Jon Irazabalek Josemari Uriarte Gerediagakidea gogoratuz ondorengo berbak idatzi ditu ANBOTOn.  

Lau lerro lagun bat oroitzen goiz garratz batean.

Bost egun barru 65 urte beteko zituen.1955eko apirilaren 22an jaioa zen Jose Mari Uriarte Astarloa. Euskaldun asko bezala, gaztetan sorterria utzi eta Antzuolara joan zen Marista izateko ikasketak egitera. Maristatzat bertan behera utzi eta etxera itzultzerakoan magisteritza ikasketak burutu zituen eta bere ogibide bihurtu zen eta ondorioz Zaldibarren, Berrizen, Iurretan [Amezketan eta Maiztegin], Durangon eta beste herri batzuetan neska mutilak hezten saiatu zen urte askotan.

Durangoko Club Juvenil izeneko taldean hasi zen 1970  inguruan lanean eta ia batera ernetzen hasi zitzaion bere bizi guztian, barne barnean, izan zuen herrigintza. 70eko hamarkadan Lemoizen aurkako antinuklear borrokan buru belarri sartua izan genuen. 1979an eskualdeko beste hainbat eragileekin batera, 1981era are iraungo zuen, Durangaldeko Ibaizabal herri aldizkaria plazaratzeaz arduratu zen. Aipatutakoez gain, ez zion uko egin beste “mobida” batzuetan ere bere laguntza eskaintzeari. Konpromiso horrek eraman zuen, baten baino gehiagotan, Basauri eta Madrileko Carabanchel ostatuak bisitatzera.

80ko hamarkadan herrigintzak Gerediaga elkartera eraman zuen. Gerediagarekiko 40 urtetan izan duen konpromisoa ikusirik arro esan ahal dugu Josemari Gerediaga Elkarteko soldata gabeko liberatua izan dugula. Kultur ondarearen babesa, eskualdeko historia ikerketa eta zabalkuntza eta argazki zaharren berreskurapena izan dira bere lan esparru nagusiak, baina ez bakarrak. Edozertarako prest zegoen mutila genuen Josemari.

Astarloatarrei buruzko lana eta argazkigintza Durangon XIX. mendean aipatu ahal ditugu bere lan nagusi moduan. Astarloari buruzko lanaren garrantziaren adierazgarri dugu Madrileko Real Academia de la Historiak berari eskatu ziola akademia prestatzen ari zen hiztegirako Astarloaren biografia. Azken denboran, Gerediaga Elkartearen Astola ikerketa aldizkaria izan da beren lan esparrua, bai argitaratzeko artikuluak prestatuz edo erredakzio taldeko lanak burutuz.

Ez zen gure eskualdean murgilduta gelditu. Euskal Herriko mendi eta herriak sakon ezagutzen zituen eta bihotzez maitatu. Ezagutzen zituela esaten dugunean benetan ezagutzen zituela azpimarratu behar da. Edozein bazterreko ermita, mendi tontor, trikuharri ezagutzeak zoriontsu egiten zuen.

Euskara ere maite zuen. Maitasun horren adierazgarri dugu, erdalduna izanik jaiotzez, euskera ikasi zuela. Asko kostatu zitzaion euskara menperatzea, berak bere ironiarekin aurpegira botatzen zigun bezala, euskaldunzaharrak berak mintza praktikak egiteko berarekin gazteleraz hitz egiten genionean. Baina lortu zuen euskaldun osoa izatea.

Arineketan idatzitako lerro hauek beren lan emankorraren aipamen labur bat baino besterik ez dira. Bere izaera diskretuaren ondorioz bere lan asko bere hurbilekook ere ez genuen ezagutzen. Adibidez, 80ko hamarkadan Ibaizabal aldizkarian artikuluak sinatzerakoan U letra jartzen zuen lehenengo eta ondoren beren beste abizen bat.

Josemarin falta sentitzen dugunean  bere motxila diskretuak zenbat lan biltzen zituen konturatuko gara.

Agur lagun. Elkar ikusiko dugu

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!