Adinekoei zuzendutako lau ikastaro antolatu ditu Durangoko Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko api. 16a, 11:33

Erorikoen prebentzioa, gorputzaren orekarako ariketak, mindfulness eta mntsietatea kontrolatzeko ikastaroak emango dituzte aste honetan. WhatsApp bidez segitu ahalko dira, baina udalak interneta etxean ez dutenei ere helaraziko dizkie ariketak. Boluntarioen Laguntza Sarea arduratuko da Interneterako sarbiderik ez duten adinekoei paperezko ariketak banatzeaz

 

Ikastaro horietan ia 200 bat lagunek hartuko dute parte. Ikastaro bakoitzeko arduradunek WhatsAppeko difusio zerrendak sortuko dituzte, eta hortik bidaliko dituzte ariketak. Aplikazio hori ez dutenek telefono-deiak jasoko dituzte. Gainontzean, udalak etxeetara ere helaraziko ditu ariketak, paperean. "Erorikoak prebenitzeko ikastaroari dagokionez, non batez besteko adina aurrekoetan baino altuagoa den, Udalaren eta herritarren artean sortutako Laguntza Sareak etxeko ariketak banatuko ditu eguena eta barikua artean. Ez dugu nahi egoera honek gure egunerokoan behar baino gehiago eragitea. Gure baliabideak birbideratzen saiatu gara, gure adinekoak aktibo senti daitezen", azaldu dute Udaleko iturriek.

Durango Irratian ere bai

16:00etako albistegiaren ostean, Durango Irratiak ikastaroak eskainiko ditu. Eguaztenean mindfulnessen txanda izango da, eguenean gorputzaren orekarako ariketena, eta, barikuan antsietatearen kontrolarena. Saio horiek hurrengo egunean errepikatuko dira, 08:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!