“Ez dakigu ez noiz ez zein baldintzatan itzuliko garen, ezta jendearen erantzuna zein izango den ere”

Aritz Maldonado 2020ko api. 3a, 09:30

Tabernako eta jatetxeko ohiko zerbitzuez gainera, Covid 19ak martxo osoko ekitaldi guztiak zapuztu dizkio Durangoko Plateruena kultur guneari. Ekitaldiz lepo egon behar zuen gainera. Besteak beste, bertan behera geratu dira edo atzeratu egin behar izan dira Joseba B. Lenoir eta Bigott  taldeen kontzertuak, Eurokopa 2020 txapelketaren aurkako 'Etxean jokatzen dugulako' jaialdia, eta Boluda kabareta. ANBOTOk Ihintza Orbegozogaz hitz egin du, Plateruenako kultur programatzailearekin. 

Egun batetik bestera, programaturiko ekitaldi guztiak bertan behera utzi behar izan zenituzten. Zelan bizi izan zenuten alarma egoeraren hasiera?
Nahiko momentu kaotikoa izan zen, egia esan. Eguenean, eskolak ixtearen agindua ematean, alarma zabaltzen hasi zen, eta hainbat herritako kultur ekitaldi asko eta asko bertan behera gelditzen hasi ziren. Guk, agindu ofizialik ez zegoenean, hasieran zelan jokatu ez genekiela egon ginen, baina hotzean pentsatu, eta egokiena guk ere ekitaldiak bertan behera uztea (ahal dela atzeratzea) erabaki genuen, antolatzaile eta taldeekin berba eginda, jakina. Momentuan erabakia oso gogorra egin zitzaigun, baina, egia esan, pisu handia kendu genuen gainetik, onena zena egiten ari ginela uste genuen eta. Eta oraindino ere, hala uste dut.

Hasierako noraez egoeratik, eta orain perspektiba apur bat gehiagogaz, zelan eragin dio Plateruenari egoera honek? Eta aurrera begira, zelan eragingo dio epe motz-ertainera?
Galera jada izugarria da, eta errekuperatzea ez da erraza izango, ez ekonomikoki eta ezta moralki ere. Sortzaileek inbertsioak egiten dituzte euren lanak argitaratzeko, teknikari asko autonomoak dira, kultur sustatzaile eta aretook zuzenekoen antolaketa eta kudeaketatik bizi gara… Eta jarduna guztiz etetean, sarrera guztiak ere eten egin zaizkigu, jakina. Horregaitik, guztiok izan dugun galera hau gerora zelanbait orekatzeko asmotan edo, antolatzaile eta sortzailerik gehienok asmo bera daukagu, orain egin ezin izan ditugunak geroago egitea. Noski, horrek ekitaldien pilaketa bat ekarri dezake, eta pilaketa horrek asistentzia baxuagoa izateko arriskua. Kulturaren kontsumoari dagokionez, itxialdi honetan alde bietarako tendentziak garatu daitezkeela uste dut: etxean pantailari begira horren txarto egoten ez dela uste duena, eta beraz, zuzeneko ekitaldien falta igarriko ez duena; edo etxetik irten ezinda egotean ahalik eta kulturarik gehien xurgatu gura dutenak. Hau da, zuzenekoek duten zera berezi horren hutsunea sentitu dutenak, antolatutako guztia irrikaz hartuko dutenak, hain zuzen ere.

Epe luzera, eta orokorrean, kulturgintzari zelan eragingo diola uste duzu?
Inongo neurririk hartu aurretik ere, jada hasita ginen beherakada igartzen. Jendea geroago eta gehiago etxean gelditzen zela ematen zuen. Eskolak itxitakoan eta ekitaldiak bertan behera geratzerakoan, taberna eta jatetxea ere ixtea erabaki genuen. Biharamunean etorri zen, hain justu, gobernuaren agindua. Jaso dugun kolpea ez da makala izan. Guk geuk erreserba asko galdu ditugu. Eskaera ugari genituen eginda, ekitaldi eta bazkari asko aurreikusita. Eta, jakina, ez dakigu noiz eta zein baldintzatan itzuliko garen jardunera, ezta jendearen erantzuna zein izango den ere, ohiturak aldatuko ote diren...

Kultur eragile edo programatzaile arloan ez ezik, ostalaritzan ere eragin dio Plateruenari egoera honek. Zelako eragina izan du?
Taberna eta jatetxea gobernuaren erabakiz itxi behar izan genituen, eta kultur eskaintza ere eten behar izan genuen. Alde horretatik, badakigu enpresei dagozkien laguntzak izango ditugula, eskatuz gero. Ez dakiguna da laguntza horiek nondik etorriko diren eta zenbatekoak izango diren.

Hala ere, kulturari dagokionez, laguntza bereziak izango ditugun ez daukat horren argi. Musika Bulegoa Elkartea lanean ari da beste herrialde batzuetako musika elkarteekin batera, musika industrian gabiltzan sektore guztiok erraztasunak izan ditzagun egoera honetan aurre egiteko. Ea presio apur bat egin eta kulturari merezi duen aitortza egiten zaion erakundeen aldetik.

Badakizue erakundeen aldetik babesik edo neurri berezirik jasoko duzuen?
Gatx da hori jakitea, baina badut horren beldurra, bai. Denok dugu susmoa krisi ekonomiko potolo bat etorriko dela ondoren, eta horrelakoetan gertatzen den lez, oinarri-oinarrizko beharrizanak lehenesteko joera izaten dugu; beraz, posible da gure sektorea bereziki kaltetua izatea. Dena dela, baikor izan guran, pentsatu gura dut jendeak baloratuko dituela konfinamendu sasoian jaso eta kontsumitu dituen kultur lanak: liburuak; streaming bidezko kontzertu, antzezlan  eta dantzak; filmeak... Lehen aipatu dudan aitortza hori emateaz gainera, jendeak kultura kontsumitzen jarraitzea itxaroten dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!