Durangoko Udalak zergen eta tasen kobrantzak eten ditu ekainera arte

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 26a, 12:28

Kobrantzak ekainaren 1era arte edo "salbuespen egoera bukatu arte" etengo ditu. Besteak beste honako zerbitzuei eragingo die: Durango Kirolak, Bartolome Ertzilla Musika Eskola, Udal euskaltegia eta Astarloa Kulturgintza. Tabernariek ez dute ekainera arte terrazaren zerga ordaindu beharko. Jabari Publikoko Okupazioaren gaineko tasak ere atzeratuta egin dira

 

Koronabirusak sortutako egoera ekonomikoa dela eta, behin-behinean zergak eta tasak kobratzeari utziko dio Durangoko Udalak. Ohar batean azaldu duenez, orokorrean, ekainaren 1era arte edo "salbuespen egoera bukatu" arte etengo ditu kobrantzak. Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ordaintzeko epea ere luzatu egin du. Maiatzaren 31ra arte ordaindu ahalko da.

Bestalde, koronabirusaren krisia baino lehen "egoera ekonomiko zaila" bizi zuten herritarrentzako neurriak iragarri ditu. Udalak zergak zatikatzea onartu zuen egoera hori zuten herritarrentzat. Bada, orain, horiei ere hilabetez atzeratuko die ordainketa. "Badakigu durangar asko eta asko egoera zailean daudela. Gure familia-inguruneetan ere autonomoak eta ERTEan dauden langileak ditugu. Durangoko Udalean oso argi daukagu osasuna dela lehentasunezkoena oraintxe bertan, baina ez ditugu ahaztu nahi aparteko kezka dutenak beren egoera ekonomikoaren inguruan. Horregatik, gure udalaren eskumenekoak diren neurriak hartzen saiatzen ari gara ', azaldu dute gobernu taldetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!