Erosketak etxera eramateko boluntario sarea sortzen ari dira Durangoko Udala eta herriko elkarteak

Anboto 2020ko mar. 14a, 15:06

Elkarlanean ari dira osatzen zerbitzua. Adinduei zein arrisku-taldeetako bizilagunei erosketak etxera eramateko ekimena izango da. Auzoka antolatuko dute laguntza sarea. Durangarren batek boluntario lanak egin gurako balitu, durangoauzolana@gmail.com helbidera idatzi behar du. Astelehenetik aurrera telefono bat ere ipiniko du udalak

Durangoko Udaleko iturriek ANBOTOri baieztatu diotenez, jada martxan dago sarearen osaketa. Boluntarioak hasiak dira izena ematen. Ordu honetan, 10 lagunek emana dute izena. Auzoka koordinatuko dira, udalak eta elkarteek osatutako lankidetzaz.

Oraingoz, boluntarioak batzen ari dira, baina astelehenetik aurrera erosketak banatzeari ekingo diote. Horretarako telefono zenbaki bat ipiniko dutela aurreratu du udalak.

Bitartean, banaketan boluntario lanak egin gura dituzten herritarrek durangoauzolana@gmail.com helbidera idatzi dezakete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!