Durangoko galdeketa

Eusko Jaurlaritza galdeketa oztopatzeko ahaleginetan dabilela dio Erabaki plataformak

Anboto 2020ko mar. 11a, 18:34

“Haserre” daude plataformako kideak. Eusko Jaurlaritzan agintzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiei egotzi die haien “estrategia politikoak” erabiltzea, “herriari ahotsa ematea galarazteko”. Eusko Jaurlaritzak Madrilgo ministroen kontseiluari aurkeztutako txostenak “irregulartasunak” dituela dio plataformak, eta Durangoko Udalari eskatu dio horiek argitzeko “errekurtsoa” ipini dezala

Tren geltokiaren galdeketaren ebazpena hilabete eta erdiz atzeratzea eskatu dio Madrilgo ministroen kontseiluak Durangoko Udalari. Horren atzean Eusko Jaurlaritzak ministroen kontseiluari aurkeztutako txostena legoke udalaren esanetan. 

Orain, haserre agertu da Erabaki plataforma. “Txosten hau irakurrita berretsi dezakegu, beste behin ere, hainbat amarru erabili izan direla gertaeren azalpenak ematerako orduan” azaldu du ohar batean. “Jaurlaritzatik entzun izan dugu ez zirela batzuen edo besteen alde agertuko”, dio plataformak, baina “de facto” halaxe ari direla dio.

Aurreko udal legegintzaldiko EAJren eta PSE-EEren gobernuarekin “gertatu izandakoa berretsi” ahal izan dutela diote. “Haien esanak intentzio ona erakusten zuen bitsrtean, haien ekintzek kontrakoa adierazten zutela” dio Erabakik. “Hauteskunde garaian herri galdeketarik komeni ez zaielako izango da? Zergatik ez du Gobernu Zentralak Durangoko nahia errespetatu nahi? Zer nolako mesedeak zor dizkiete alderdi politiko batzuek besteei elkarri, kasualitatea edo ez, gobernatzeko bata bestearen beharrizana daukatenean? Ez al da izango, PSOE ere Eusko Jaurlaritzan sartuta dagoelako? Ez al da izango, Espainiako gobernua lortu ahal izateko PSOEk EAJren laguntza jaso zuelako?” galdetu dute.

Erabaki plataformak aurreratu du “herriaren ahotsa entzuna izan dadin borrokatzen jarraitzeko” bere “indarrek bere horretan” dirautela.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!