Durangoko galdeketa

Tren geltokiaren galdeketari buruzko jakinarazpena hilabete eta erdiz atzeratzea eskatu dio ministroen kontseiluak Durangoko Udalari

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 9a, 12:00
Erabaki plataformako kideak eta udal ordezkariak kontsultako galdera eskutan.

Durangoko Udalak Madrilgo ministroen kontseilutik iritsitako ohar bat jaso du. Bertan, tren geltokiari buruzko galdeketaren ebazpena hilabete eta erdiz atzeratzea eskatu dio udalari. Prozesua atzeratzeko arrazoia "Eusko Jaurlaritzak egindako txosten" batean legoke, Durangoko Udalaren arabera. 

Pasa den azaroaren 27an aho batez onartu zuen Durangoko udalbatzak tren geltokiaren galdeketa egiteko baimena Madrilgo ministroen kontseiluari eskatzea. Ordutik, hiru hilabeteko epea izan du ministroen kontseiluak galdeketari argi berdea ala gorria emateko. Epea agortu zaio. Eta epe hori hilabete eta erdiz luzatzeko eskaria egin dio Durangoko Udalari orain.

Durangoko Udalaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren txosten batek eragin du atzerapena. Udal iturriek ANBOTOri jakinarazi diotenez, galdeketa zilegia dela dioen "txosten bat aurkeztea eskatu zion ministroen kontseiluak Eusko Jaurlaritzari". Azken honek, galdeketarekin eta duela urte batzutatik datorren proiektuarekin "interes gatazka" duela eta, ministroen kontseiluari galdeketari buruzko informaziorik eman ez diola dio Durangoko Udalak. Horren aurrean, orain, beste txosten bat egitea eskatu dio ministroen kontseiluak Bizkaiko Foru Aldundiari.

"Eusko Jaurlaritzak egiazkoak ez diren hainbat gauza esan ditu"

Durangoko Udaleko arduradunen arabera, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna "ez da errealitatearekiko fidela" eta galdeketa "are eta gehiago" luzatzeko asmoak agertzen ditu. "Eusko Jaurlaritzak erantzun gisa bidali duen txostena eskatu dugu, eta egiazkoak ez diren hainbat gauza esaten ditu", diote udal iturriek.

Durangoko gobernu taldeak  azaldu du galdeketa egin ahal izateko tramiteekin jarraitzen duela, nahiz eta ministroen kontseiluaren atzerapenak galdeketa "uda ostean" egitea eragin dezakeen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!