Hurrengo larunbateko garbiketa zerbitzua "San Faustoetan kontratatzen denaren parekoa" izango da Durangoko Udalaren esanetan

Joseba Derteano 2020ko ots. 24a, 18:24

Inauterien harira, joan zen asteburuko garbiketa zerbitzua "azken urteetakoa baino handiagoa" izan zen arren, kanpotik "askoz jende gehiago" etorri zela eta, "gainezka" egin zuela azaldu dute udaletik. Zapatuko 40 Minutu Rock jaialdiari begira zerbitzua indartuko dute.

Joan zen asteburukoak herritarren artean sortu duen "ezinegonaz" jabeturik, eta ikusirik larunbat honetan jende asko biltzen den musika-jaialdi bat egingo dela (40 Minutu Rock), gobernu taldeak garbiketa zerbitzua handitzea erabaki du. Aurreratu dutenez, " San Fausto jaietan aplikatzen denaren parekoa" izango da.

Gainera, gobernu taldea jaialdiko arduradunekin harremanetan jarriko da "bizikidetza sustatzeko" neurriak hartzeko. Era berean, "udalerri iraunkorragoaren aldeko apustua" berretsi dute. "Horretarako, epe laburrean hondakinak biltzeko neurri jasangarriagoak jarriko dira martxan", azaldu dute.

Azkenik, Durangoko Udalak Mankomunitateari eskua luzatu dio elkarlanean aritu, eta, prebentzio eta hezkuntza zerbitzutik, "gazteen aisialdirako eredu berri bat sustatzeko", kaleko hezitzaileen bitartez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!