Berriki, gobernu plana azaltzen duen liburuxka bat banatu du Durangoko gobernu taldeak herriko etxeetan. EAJren iritziz "helburu alderdikoiekin" egindako liburuxka bat da, eta salatu du oposizioko alderdiek (EAJk eta PSE-EEk) ez dutela tokirik bertan. "EH Bilduk urte askoan esan du diru publikoz finantzatutako argitalpenetan talde politiko guztiei egin behar zitzaiela lekua. Harrigarria da orain liburuxka alderdikoi honekin topatzea" salatu du Mireia Elkoroiribe Durangoko EAJren bozeramaileak.
Elkoroiribek azaldu du, "5.426 botogaz", EAJ izan zela indar politikorik bozkatuena azkenengo udal hauteskundeetan. "Gobernu taldeak sistema demokratiko baten arauak" errespetatzekotan, "alderdi guztien lekua bermatu" eta "parte hartzea bermatu" beharko lukeela iritzi dio.
Bestalde, udal gobernu taldeari egotzi dio "muturreko austeritate batetik" erabateko gastuetara pasatzea. San Agustin kulturgunean egindako aurkezpena aipatu du Elkoroiribek horren adibide modura. "Eszenaratzea, dekorazioa, musika, luntxa, argiztapena,... izan dira, ez da gastuetan erreparatu".
Komunikazio zerbitzua lizitatzeko pausoak
Kritikak ez dira hor bukatu. Talde jeltzalearen arabera, gobernu taldeak komunikazio zerbitzu bat lizitaziora ateratzeko asmoa ei du. Diotenez, asmo hori islatuta dago jadanik Eusko Jaurlaritzaren kontratazio profiletan zein Durangoko Udalaren web orrian. Lau urteko komunikazio zerbitzua litzateke, beitere, talde jeltzalearen esanetan; guztira, "290.400 eurokoa" litzatekeena. "Komunikazio zerbitzu bat izatea eta gardentasuna egotea ulergarria zaigu. Baina ez dugu ulertzen komunikazioari buruzko kostuak etengabe kritikatu ostean, orain, bide hau hartzea", azaldu du Elkoroiribek.