Durangoko Gobernu Taldeak 135 ekintza “argi eta neurgarri” aurkeztu ditu legegintzaldi honi begira

Joseba Derteano 2020ko ots. 12a, 10:53
Atzo San Agustin kultur gunean egindako aurkezpeneko irudia.

“Legegintzaldia amaitu arteko gure iparrorratza izango da. Plan argia eta neurgarrria da”, azaldu zuen Ima Garrastatxu alkateak atzo Gobernu Taldeak San Agustin kultur gunean egindako aurkezpenean.

135 neurrik osatutako planean, “pertsonek izango dute lehentasuna" azaldu zuen Garrastatxuk. "Herri inklusiboa, euskalduna eta feminista” eraiki gura dute, aniztasuna “balore” moduan hartuz. Julian Rios alkateordeak esan zuen udalaren “transparentzia” sustatuko dutela eta herritarrak informatzeko zein herritarrek ekarpenak egiteko komunikazio bideak ahalbidetuko dituztela.

Proiektu denetatik 12 nabarmendu zituzten aurkezpenean. Herrigintza arloan, Taxi Lagun egitasmoa martxan jarriko dute, persona nagusiei eta mugikortasun arazoak dituztenei osasun-laguntza publikorako sarbidea errazteko. Horrez gainera, ludoteka eta Gazteleku zerbitzuak martxan jarri eta euskarazko ekimen kultural berriak sustatuko dituzte askotariko eragileekin elkarlanean; indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak omentzeko gunea sortuko dute eta beka bat abiatuko dute bere sasoian Durangora bizitzen etorritakoek egindako ekarpena ikertzeko eta balorean jartzeko.

Antolakuntza arloan, bi neurri aipatu zituzten. Auzo kontseiluen eta auzo zinegotzien figura sortuko dute elkarteekiko eta auzoekiko komunikazioa hobetzeko, eta, ‘herritar txartela’ sortuko dute, kudeaketa administratiboak errazteko. Azkenik, Lurraldea arloko bost ekintza azpimarratu zituzten. Merkatu plaza berrizteko proiektua egingo dute, Santa Anako kanpandorrea berriztu eta bisitatzeko aukera eskainiko dute eta airearen kalitatearen mahaia martxan jarriko dute eragile desberdinekin. Azkenik, kale argiteria hobetu, puntu beltzak ezabatu, disuasio aparkalekuak eraiki eta TAO sistema berrikusiko dute. Landako Guneko aparkalekua eguneko 24 orduetan zabalduko dutela ere iragarri zuten.

EAJren ustez “zehaztasun bako” proposamena da

EAJren iritziz “zerrenda soil” bat aurkeztu dute, “planifikaziorik, norabiderik eta zehaztasunik gabea”, ohar batean kritikatu dutenez. Eguneroko kudeaketari dagozkion ekintzak ildo estrategikoak balira moduan aurkeztu dituztela diote eta ekintza batzuk “oso traszendentzia txikikoak” direla, proposamenaren “seriotasun falta” agerian utziz.

Horrez gainera, “sorpresa handia” eragin dien promesa elektoral nagusiak “desagertu” egin direla ikusteak: Urki-Hegoalde bidea, 24 orduko pediatria zerbitzua eta etxebizitza publikoen parkea sustatzea zerrendatu dituzte, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!