Nolakoa den futbola. Orain hilabete arte, emaitza bolada eskasean murgilduta zegoen Durangoko Kulturala, entrenatzaile aldaketa eta guzti. 13 jardunaldi zeramatzan partidurik irabazi barik. Baina egoerari buelta ematea lortu du azken asteetan. Hiru garaipen daramatza bata bestearen atzetik eta azkenekoa, zapatuan Tabiran lortutakoa, ikuskizun hutsa izan da. Talde durangarrak 9-0 menderatu zuen Ariznabarra.
Egia da Ariznabarra Hirugarren Mailako azken sailkatu dela eta etxetik kanporako partidu denak galdu dituela, baina orain arteko bere porrotak ez dira hain nabariak izan. Denboraldian zehar partiduko gol bi jaso ditu, batez beste. Gainera, Tabirako neurketan ez zen jokalari egotzirik egon eta hamaika hamaikaren kontra aritu ziren neurketa osoan. Iban Ribeiro de Aguia izan zen partiduko protagonista nagusia, hat-trick batekin. Juan Manuel Iparragirrek bi sartu zituen eta Iker Unzuetaren, Ander Sanchezen, Pablo Fiaten eta Adrian Abasoloren gol banak borobildu zuten markagailua.
Azken asteetako bolada onari esker, Durangoko Kulturala sailkapeneko zulotik irten eta 12. tokian kokatu da. Hurrengo zapatuan sailkapenean zazpigarren tokian dagoen Somorrostroren kontra jokatuko du.