Nekazaritzako elikatze katean intsektuak txertatuz, alternatiba jasangarria eskaini gura duzue.
Bai. Europa eta, oro har, nazioarteko instituzioak arduratuta daude elikadura sistemaren jasangarritasunagaz. Bada, horren aurrean, alternatiba bat eskaini gura dugu: pertsonen elikadurara bideratutako intsektuen ekoizpena. Osasun aldetik eskatzen diren balio nutrizionalak betetzen dituen alternatiba da, jasangarriagoa beste nekazaritza eta abeltzaintza jarduera batzuekin alderatuta.
Zer produktu merkaturatuko duzue?
Proteina askoko irinak, eta funtsezko beste aminoazido guztiak dituzten irinak. Horrela, intsektua osorik ikusita sortu daitekeen traba kulturala ekidin daitekeela uste dugu. Irinak aukera ematen du egunerokotasuneko askotariko produktuetan jatea: ogiagaz, pastagaz edo snack moduan. Orain snack-ekin lanean gabiltza, araudia onartzen denerako prest egoteko.
Araudiak indarrean egon behar du orduan.
Europak 'novel food' lez onartu ditu intsektuak. Elikagai lez onartuak izateko, trantsizio prozesu horren barruan badirudi aurten edo 2021ean emango dituztela aurreneko lizentziak Europan produzitu eta komerzializatu ahal izateko. Gure produktua datorren urte amaieran komertzializatu ahal izatea itxaroten dugu. Dena dela, denbora beharko da gizartean eguneroko produktu lez onartzeko.
Prest gaude intsektuak jateko?
Elikagaien sektorean produktu berriak garatzen dituzten enpresek interesa agertu dute. Intsektuak super-elikagai moduan katalogatu dituzte eta horrek interesa sortzen du. Gainera, geroago eta gehiago zaintzen dugu zer jaten dugun.