Durangoko Udalak asteburuan kutxazain batean hilda aurkitu duten etxebakoaren heriotza deitoratu du

Anboto 2020ko urt. 13a, 12:10

Bart, Durangoko Frai Juan Zumarraga kalean dagoen Laboral Kutxako sukurtsalean 49 urteko pertsona bat aurkitu zuten hilda. Udalak etxebakoaren heriotza deitoratu du eta neurri eraginkorrak hartu beharra nabarmendu du. LAB sindikatuak, berriz, bi asteko epean Euskal Herrian hil den bigarren etxebakoa izan dela jakitera eman du. 

"Udaltzaingoak ohikoa denez, horrelako egoeran dauden pertsonek lo egiteko duten aukeren inguruan (aterpea) informazioa eman zion etxebakoari. Orain, autopsiak zer esan zain gaude, eta uste dugu ez dela espekulatzen hasteko garaia", azaldu du ohar bidez Durangoko Udalak.

Bestalde, azaldu dute agerikoa dela kalean bizi diren pertsonek dituzten bizi baldintzak ez direla onenak osasunari begira ezta bizi kalitateari begiria ere. Horregatik, gai honen inguruan hausnarketa egin beharra nabarmendu du Durangoko Udalak. "Ez da onargarri, garai hauetan oraindik ere gure herrietan hainbat pertsonek horrelako bizi baldintzak izatea", jarraitu dute. Hori horrela, Durangoko Udalak bere aldetik, konpromisoa hartzen duela jakitera eman du horrelako gehiago gerta ez daitezen. 

Hildako bi Euskal Herrian
LAB sindikatuak jakitera eman duenez, bi aste baino gutxiagoan etxebako bi pertsona hil dira Euskal Herrian, bata urtarrilaren 3an Donostian eta bestea atzo Durangon. "Pobreziak eta bazterketa sozialak gora egin du azkeneko urte hauetan. Horrez gain pobrezia larrian bizi diren pertsonen kopurua nabarmen hazi da,
zehazki %65 azkeneko 10 urteetan. Gainera, lan merkatuko prekarietatearen gorakadaz gain, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dauden babes sozialeko politiken ahultze baten aurrean aurkitzen gara", azaldu dute LABeko kideek ohar bidez.

Zentzu horretan, premiazkoa dela babes sozialeko politika eraginkorrak bermatzea eta indartzea esan dute, eta pertsona guztientzat bizitza duina ziurtatuko duten politika sozialak ezinbestekoak direla. Hori horrela, urtarrilaren 30erako deituta dagoen Grea Orokorrak aldarrikapen horiek barnebilduko dituela eta herritarrei mobilizatzeko deia egin die. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!