Euskal sindikatuek eta hainbat eragile sozialek osatutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu du greba orokorra, urtarrilaren 30ean. Pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunda deitu dute greba. Urte bi dira mobilizazioekin hasi zirela pentsiodunak eta "jauzi kualitatibo" bat emateko beharra ikusi dute. Pentsionistak, Oneka, Mugimendu Feminista, Ernai, San Fausto auzo elkartea, Ongietorri Errefuxiatuak, Erabaki, ELA, LAB, ESK, Etxalde eta EHNEk batzen dituen Durangoko Greba Batzordeak ohar batean azaldu duenez, "gaurko pentsiodunei eta etorkizunekoei, guztioi eragiten digun borroka da pentsio sistema publikoa defendatzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzea, 1.080 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzea edota eros-ahalmena legez bermatzea".
Bestalde, "prekarietateagaz amaitu eta lan baldintzak duintzeko neurriak hartzeko beharra" mahaigaineratu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Neurri horien artean aipatu dituzte, lanaldia 35 ordura jaistea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata. Eskubide sozialak aitortzea ere eskatzen dute: besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitzak eskugarai izatea eta menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea, zerbitzu sozialen sistema publliko, unibertsal eta doako baten bitartez.
Durangoko Greba Batzordeak mobillizatzera eta greba egitera deitu du. Horretarako, urtarrilaren 25erako ere ekitaldia antolatu dute. Ezkurdin izango da, 18:00etan.