Arkaitz Zarragari elkartasuna erakutsi diote Bilboko epaitegiaren aurrean

Joseba Derteano 2019ko abe. 12a, 14:18
Gaur Bilboko epaitegiaren aurrean egindako kontzentrazioko irudia.

Zarragak gaur izan du epaiketa eta euskararen munduko hainbat eragile batu dira epaitegiaren atarian bere kasua salatzeko Euskarari mozalik ez! lelopean.

Iaz, Bilbon txosnak desmuntatzen zebilela, euskaraz berba egiteko eskubidea urratu zion udaltzain batek Durangon bizi den Arkaitz Zarragari. Hori gutxi ez, eta autoritateari errespetu falta salatu zuen udaltzainak, mozal legean oinarrituta. Gaur izan du horren epaiketa.

Euskal Herrian Euskarazek (EHE), Hizkun Eskubideen Behatokiak eta hainbat eragilek deituta, kontzentrazio bat egin dute epaitegiaren aurrean Zarragari elkartasuna adierazteko. “Ez da lehen aldia segurtasun indarrek herritar baten hizkuntza eskubideak urratzen dituztela. Izan ere, pasa den urtean Hizkuntz Eskubideen Behatokian hainbat herritarren kexa jaso genituen Euskal Autonomi Erkidegoko udaltzaingoarekin harremanak izatean euskara erabili eta beraien hizkuntz eskubideak urratu zitzaizkiela esanez”, adierazi dute EHEk eta Behatokiak prentsara bidalitako ohar batean. Kasu askotan “babesgabetasuna eta erantzun txarrak” jasaten dituztela diote.

Erakunde publikoei neurriak eskatu dizkiete. “Herritarren eskubideak bermatzea eta zerbitzu egokia eskaintzea badira helburuak, hori bermatzeko neurriak ezarri edo bermatzea erakunde publikoei dagokie. Erakunde publikoak izan behar dira herritarra babesgabetasunean egongo ez dela bermatzen duten bakarrak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!