“Gure hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko joera eduki beharko genukeela uste dut”

Anboto 2018ko aza. 9a, 17:30

Bilbon txosnak desmuntatzen zebilela, euskaraz berba egiteko eskubidea urratu zion udaltzain batek Arkaitz Zarraga Azumendiri. Hori gutxi ez, eta autoritateari errespetu falta leporatu diote. Isunen zain dago, baina errekurritu egingo ditu. Twitterren eta erakundeetan salatu zuen kasua, eta eragina lortu du.

Zelan izan ziren gertakariak?
Txosna gunean autoagaz sartzeko pase bat edukitzen dugu konpartseroek. Betiko moduan eta betiko bidetik atera nintzen konpartsatik, denok egunero lez. Nire harridurarako, udaltzainak geratu egin ninduen. “Has visto lo que has hecho?” galdetu zidan. Niri euskaraz egiteko eskatu nion, eta lasaiago berba egiteko ere bai, erasokor jarri baitzen. Erantzun zidan hizkuntza bietako bat aukeratzeko eskubidea zuela. Baina administrazioarekiko hizkuntza nik aukeratzen dut, eta euskaraz jakin ezean beste norbait ekartzeko eskatu nion. “Aparca el coche” esan eta paperak eskatu zizkidan, harrotuta. Beste udaltzainetako bat nire ikasle ohia zen eta lotsatu egin zen. Salatu ninduen udaltzainak esan zidan salaketa bi jasoko nituela, bat trafiko kontuagatik, eta bestea autoritateari errepestu faltagatik. Askotan gertatzen dena da salatzailea salatua izatera pasatzen dela.

Udalak ez zaitu babestu?
Udalagaz batzar bat eskatu nuen berba egiteko, eta alkateak ez dit galdetu ere egin. Udaltzainaren bertsioa sinistu zuen. Horren arabera, ni oso harro agertu nintzen; hasieran gaztelaniaz berba egin nuen, eta ezer irabaziko ez nuela ikustean pasatu nintzen euskarara. Ez da erraza euskaraz bizitzea Bilbon, baina ni saiatzen naiz eta bereziki udaltzainekin eta funtzionariekin, aurretik sektore horretan lan egin dudalako.

Udal bilkuran ere atera zen gaia.
Oso mingarria izan zen, alkateak aditzera eman baitzuen nire jarrera matxista izan zela. Niri berdin zidan neska edo mutila zen. Kasualitatez, Bilboko Udalak ikaragarrizko hutsunea du gai bietan. Euskararen ordenantza euskalgintzaren aldarrikapen historiko bat da eta gobernuak oraindik dio ez dela beharrezkoa, inposiziotzat har daitekeela. Bestetik, emakumeen etxea sortzea aldarrikapen historiko bat da eta ez dute ezer egin.

Hain justu, ordenantzarik ez edukitzeak ahalbidetu du zuri gertatua.
Udaletan era guztietako ordenantzak daude: espazio publikoarena, hirigintzakoak, zarataren ingurukoak... hizkuntzak ere behar du. Bilbo da ordenantzarik ez duen herri bakarrenetakoa.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak babestu zaitu, Bilboko euskalgintzak ere bai... Zure salaketak gaia plazaratzeko balio izan du.
Urraketa asko gertatzen dira eta asko ez dira heltzen honaino. Askotan gertatzen zaigu, neuri ere bai, euskararen espaloitik bajatzen garela, ez dugulako etengabeko borroka batean bizi nahi. Bilbon euskaraz bizitzeko, etengabe edukiko zenituzke horrelakoak. Hala ere, uste dut gure eskubideak aldarrikatzeko joera bat eduki behar dugula.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!