Errotaritxuena parkeko proiektuan umeentzako ur-txorrotak txertatuko ditu Durangoko Udalak

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 10a, 14:24

Oraindik parkea guztiz eraberritu arte prozesu oso bat eta denbora tarte bat pasa beharko den arren, "proiektuaren behin-betiko diseinuan", umeentzako ur-txorrotak ipiniko dituela baieztatu dio Durangoko Udalak ANBOTOri. Aritz Bravo EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, "Durangon gaur egun ez dagoen eskaintza bat" dela ikusita, udalak "garrantzitsutzat" jo du herritarren eskari horri "erantzuna ematea". 

Herria elkarteak eta Durangoko udaleko hainbat ordezkarik joan den azaroaren 28an aurkeztu zuten Aramotzeko auzotarren artean, Errotaritxuena parkea eraberritzeko aurreproiektua. Askotariko iritziek irten zuten bileran, eta horiek aztertu eta balizko konponbideak bilatzen ari da udala uneotan.

Aterpea egokitzea, aztergai

Euria egiten duenerako aterpe bat egokitzea ere izan zen bilerara bertaratutako herritarren eskari errepikatuenetako bat. Udalak ez du aterpea ipintzerik baztertzen. "Gune estali bat eraikitzea interesgarri" ikusten du, baina, momentu honetan, aldez aurretik herrian dauden beste "alternatiba" batzuk baliatzea aztertzen ari da, Landako Erakustazoka zabaltzea kasu.

Erreportaje zabala, bariku honetako alean

Bariku honetako alean Errotaritxuena auzoaren proiektuari buruzko erreportajea argitaratuko du berripaper honek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!