Berdegunea izango da nagusi Errotaritxuena parke eraberrituan

Anboto 2019ko aza. 28a, 19:44

Durangoko udal gobernu taldeko kideek eta Herria elkarteko kideek legegintzaldi honetako “lehen auzo-batzarra” egin berri dute Zabalarra eskolan, Errotaritxuena parkearen proiektua aztertu, eta iradokizunak partekatzeko. Adin-tarte askotarako jolasguneak, ariketa fisikoa egiteko makinak,  ikuskizunak egitea ahalbidetuko duen gune bat eta erlaxatzeko guneak biltzen ditu aurreproiektuak.

Aramotz auzoko, Zabalarra eskolako hainbat guraso, eta, oro har, Errotaritxuena parkearen geroaz arduratutako hainbat herritar batu dira udalak eta Herria elkarteak deitutako asanbladan. 

Aurreproiektua herritarrei aurkeztu ostean, proiektua hobetzen lagunduko duten iradokizunak biltzeari ekin diote herritarrek.

Herritarren iradokizunak

Askok begi onez ikusi dute aurreproiektua. “Egia esan asko gustatu zait, Durangok badu horrelako parke baten beharra”, esan du batek.

”Nik nagusiek ariketa fisikoa egitea ahalbidetuko duten makina gehiago botatzen ditut faltan. Dena umeengan pentsatuta dagoela dirudi”, kexatu da bat.

Guraso askok aterpe baten premia nabarmendu dute. “Euskadin bizi gara. Euria maiz egiten du hemen. Ondo legoke udako hiru hilabetetan erabaliko den parke bat izan barik, urte osorako erabilgarria izango den parke bat diseinatzea”, esan du beste batek.

Honetaz gainera, parkean ur-jolasak ipintzeko aukerak adostasun dezente izan du bertaratutakoen artean.

2020an, lehen fasea

Parkea behin-betiko prest egon dadin denbora asko falta den arren, “lehenengo fase bat” 2020an prest izatea gurako luke udalak. Aritz Bravo EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, data zehatzik ez dago. “Prozesu luzea da. Proiektua martxo inguruan itxi gura dugu, baina gero, lizitazioen faseak zabalduko litateke. Asmoa da 2020an, behintzat, obrekin hastea, hartara, proiektu osoa izango denaren hezurdura nagusia martxan ipintzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!