"Gure jarraipen bat da Txoria Nuen Maite, gure etxea; gure izaeraren isla, azken finean"

Aitziber Basauri 2019ko aza. 29a, 13:55

Kaiolek apaintzen dute Txoria Nuen Maite taberna, zabalik dauden kaiolek. Askatasunari egindako keinua da hori, Mikel Laboaren kanta gogoratuz. Atxo Fun Fun izenagaz hasitako 20 urteko bidea islatuko duen argazki erakusketa prestatu dute Petralanda anaiek. Tabernan lan egindako guztiak gonbidatu dituzte ospakizunera. Gaur, Dj Sonidero Galernak ipiniko du musika, 19:00etan, eta Havana 537 talde kubatarrak joko du. Bihar, Dj maratoia hasiko da, 16:00etan. Donostiako Gross Craft Beer-ek propio egindako garagardoa ere aurkeztuko dute.

Atzera begiratuta, zelakoa izan da bidea?
Jon:
Bide polita eta aberasgarria. Asko ikasi dugu eta lan asko egin dugu. Beti gustura, gustatzen zaiguna egin dugulako, printzipio batzuekin: ez dugu txanpon-makinarik izan, telebista ere ez. ‘Normala’ deritzon horretatik kanpora egongo zen taberna gura genuen, eta, neurri handian, lortu dugula uste dut.

Atxo Fun Fun berritzailea izan zen, eta Txoria Nuen Maite ere badela esan daiteke. Zelan lortzen da hori?
Ibon:
Lan eta lan eginez, egunero. Horregaz batera, gauza berriak asmatu eta antolatuz: jatekoak, koktelak, jaiak….
Jon: Abestiak dioen lez, ikusiz eta ikasiz. Bateko gastronomia edo koktel azokara joanda, eta besteko kafea egiteko ikastaroetan parte hartuta. Urte bi dira artisau-garagardoekin lan egiten dugula, beharrerako eta esperimentatzeko gogoa duen jende gazteagaz.

Hor dago aurrera jarraitzeko giltza?
Jon:
Gauzei ipintzen diegun gogoan dago giltza. Erakarri egin behar dugu jendea, eta, horretarako, plus bat ematen ahalegintzen gara: gure gogoa. Gustuko dugu egindakoa eta beti gabiltza asmatzen, hobetzen.
Ibon: Emandako tratuan, tabernara datozenak gustura sentiaraziz.

Zerk egiten du berezi zuen tabernak?
Jon:
Batez ere, guk geuk (barrez).
Ibon: Mundua ikusteko gure erak.
Jon: Gure jarraipen bat da Txoria Nuen Maite, gure etxea. Guk sortu dugu eta egunero dihardugu horretan. Gure izaeraren isla da, azken finean.

Emandako afari eta pintxoetan kanpoko janaria bertakotzen duzue?
Ibon:
Bertako eta kanpoko jakiak nahasten ditugu, ukitu berezia ematen ahaleginduz. Adibidez, Ezpeletako piperrekin egindako saltsa eta guakamolea nahastuz.
Jon: Betiko aukerak, klasikoak, ikusten genituen, eta zerbait bereizgarria egiteko aukera genuela.

Koktel aukeragatik zarete ezagunak. Zortzi mojito mota dituzue...
Jon:
Hasieratik izan ditugu Mojitoa, Daikiria eta Piñakolada; eta ikasi ahala karta osatuz joan gara. Iaztik, eguenetan, 'Jan and Jai' egiten dugu, eta koktel berezi bat asmatzen hasi gara, hilero. Dena dela, Euskal Herrian nahiko klasikoak gara; askori kosta egiten zaie gauza berriak probatzea.

Definitu Txoria Nuen Maite.
Jon:
Dena maitasunez egin den toki alternatibo bat.
Ibon: Denak ongietorri diren lekua, inoren askatasuna urratzen ez den bitartean.

Konta daitekeen pasarterik...
Jon:
Asko egongo ziren, baina ez naiz batere kuxkuxeroa. Taberna ixteko, bikote bat komunetik atera behar izan genuen. Baten batek tabernaren logoa tatuatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!