Durangoko galdeketa

Tren geltokiaren galdeketan aurrerapausorik ez duela eman egotzi dio Durangoko EAJk gobernu taldeari

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 31a, 10:56

Galdeketa aztertzeko gobernu taldeak eskuartean duen txosten juridikoa joan den legegintzaldi amaierakoa dela adierazi zuen Mireia Elkoroiribe jeltzaleak, atzo egindako osoko bilkuran. Gobernu taldeak aurrera begirako pausuak zehaztu barik dituela iritzita, galdetu dio legegintzaldi hasieratik hona ea zertan ibili den. Galdeketarekiko "gardentasun falta" ere salatu du EAJk.

"Ez dugu aurrarapausorik ikusten", esan zuen Mireia Elkoroiribe jeltzaleak atzoko osoko bilkuran. Oposizioan zegoenean kontsulta "hainbeste" bider eskatu zuen, eta "egin behar zela hain argi zioen" gobernu taldeak "ez duela ezer egin" adierazi du.

EAJk azken Lurralde informazio batzordean galdetu zion gobernu taldeari ea nola zegoen galdeketaren gaia. Jasotako erantzuna "harriduraz" hartu dute jeltzaleek. Ohar batean zabaldu dutenez, "2019ko martxoko" (aurreko legegintzaldiko) txosten juridikoa aztertzen dabil udala, eta, legegintzaldi hasieratik hona zertan aritu den galdetu dio gobernu taldeari. "Eskatzen dugu lehenbaileen aurkeztu dezatela ibilbide-orri bat, eta berariazko batzorde bat deitu dezatela Durangoren etorkizunerako funtsezkoa den gai hau jorratzeko", azaldu du EAJk oharrean.

Gardentasun falta

Galdeketarekiko informazioa ezkutatzea ere egotzi diote gobernu taldeari. Azaldu dute "irratian" entzunda jakin dutela kontsulta eskaera urtea amaitu aurretik Madrilen tramitatzeko gobernu taldeak duen asmoa. "Alde hori ezkutatu egin du gobernu taldeak. Ez dakigu zer den larriagoa, ezer ez egitea, edo herritarren bizkar egitea", diote. Durangoko bizilagunek herriaren etorkizunerako proiekturik "garrantzitsuena" denari buruzko "argitasuna eta gardentasuna merezi" dutela dio EAJk.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!