Zapatuari dagokionez, Proyect Show DJ ikuskizuna egongo da Andra Marian, 22:00etan. Txosnetan, Luhartzen erromeria giroan dantzatuko dira 23:00etatik aurrera, eta, Ezkurdin, Nueva Alaska orkestrak oraingo eta lehengo hit handienak errepasatuko ditu. Domekan, giro lasaiagoko musika egongo da entzungai. Durangoko Orfeoia eta Tabira Udal Musika Banda arduratuko dira eginkizun horretaz.
Asteburuko beste ekitaldi batzuk patata tortilla txapelketa, erreka garbiketa, umeentzako jolasak eta dantza saioak dira.
Domekan, despedida
Domekan egingo dira ohiko despedida erritualak Durangon. Hori bai, tristeziari bizigarri apur bategaz aurre egitea onuragarria izaten denez, jai giroko despedidak izango dira. Txosnagunean, 18:30ean egongo den txokolatadak gozotuko du Pantxikeren agurra. 19:30ean, kalejiran aterako dute Patxikotxu, txarangak lagunduta. 20:00etarako programatuta dauden su artifizialen ikustaldiak itxiko du aurtengo Durangoko jaien egitaraua. Hartzek nola, hala pasatu beharko dute negua Pantxikek eta Patxikotxuk. Bueltatuko dira, ohikoa duten aulkian jesarri eta durangarrak berriro zelatatzera. Ziur.