Kataluniako sententziaren aurrean Durango lazo horiz betetzera deitu dute

Joseba Derteano 2019ko urr. 16a, 13:10
Astelehenean Durangoko Andra Marian egin zen kontzentrazioko irudia.

Herritar talde batek antolatuta, gaur, 19:00etan, jarri dute hitzordua, Durangoko Andra Marian. Sindikatuek ere hainbat deialdi egin dituzte bariku honetarako.

Kataluniako prozesu subiranistaren buruzagien aurkako epaia gaitzesteko hainbat ekintza egongo dira datozen egunetan. Herritar talde batek, ‘Autodeterminazioa ez da delitua’ lelopean, hiru deialdi egin ditu. Lehenengoa gaur arratsaldean izango da eta Durango lazo horiz betetzea gura dute. Horrez gainera, bihar, 20:00etan, martxa argitsu bat egingo dute, Andra Mariatik abiatuta. Linternak, kandelak, mugikorrak… eramateko eskatu dute. Azkenik, zapatuan Herrialde Katalanekiko elkartasuna erakutsiko duen argazki herrikoia aterako dute. Landakoko txosnagunean izango da, 18:00etan.

Sindikatuen deiak

ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak barikurako deitu ditu mobilizazioak. 08:30ean Kurutziaga Ikastolan batuko dira eta, 12.00etan, Durangoko zein Zornotzako udaletxeen aurrean.

Horrez gainera, 13:30ean, honako poligono industrialetan elkartuko dira: Boroako biribilgunean, Zubietako zubian, Abadiñoko Rothenbergen enpresaren aurrean eta Goitondon, Hambre tabernaren ondoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!